
Miren Amuriza, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Aitor Bizkarra izango dira abenduaren 15ean Miribilla auzoko Bilbao Arenan jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean. Lehiaketaren hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatu zen zapatuan Lekeition eta bertan erabaki zen finalean kantatuko duen zortzikotea.
Lekeitioko saioan kantatu zuen Txaber Altubek baina bertsolari abadiñarrak ez zuen bere egun onena izan. Nahiz eta hamarreko txikiaren ariketan puntu gehien lortu zituen bertsolaria izan zen, guztira 457 puntu lortu zituen, bosgarren postuan sailkatuz, eta finalean egoteko aukera barik geratu zen.
Saio horretan erabaki behar ziren finalean egongo ziren beste sei bertsolariek, Miren Amurizak eta Nerea Ibarzabalek beraien lekua aldez aurretik ziurtatuta zutelako, Berrizko eta Igorreko finalaurrekoak irabazi ondoren.
Lekeitioko saioan ere emakume bat izan zen onena, Jone Uria hain zuzen, eta berak ere Bilbon egoteko txartela bermatu zuen. Beste bost plazak puntuen arabera erabakiko ziren eta horren zain zeuden eskualdeko bi ordezkari, ‘Abarkas’ eta Bizkarra hain zuzen.
Iurretarrak zein abadiñarrak puntuazio bidez banatzen diren azken bi lekuak eskuratu zituzten; ‘Abarkas’ek Igorren lortutako 487,50 puntuei esker eta Bizkarrak Berrizko saioan metatutako 485,50 puntuekin.
Lortutako puntuen bidez Bilboko finalean egoteko txartela lortu duten beste hiru bertsolariak Xabat Galletebeitia (503,50, Berrizko saioan), egungo Bizkaiko txapelduna den Etxahun Lekue (502, Lekeition) eta Onintza Enbeita (497,50, Igorren) dira.
Beraz, 2016an jokatu zen finalean kantatu zuten sei bertsolari, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita hain zuzen, 2018ko finalean ere egongo dira. Aurtengo azken txanpan egongo diren beste biak, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Aitor Bizkarra izango dira. Iurretarrak badaki finalean kantatzea zer den 2010ekoan egon baitzen; abadiñarrak berriz, lehenengo agerraldia izango du Bizkaiko finalean.