
Elorrioko Zenita auzoan dagoen Argiñeta parajeko jaiak ospatuko dituzte bihartik astelehenera bitartean. Auzotarrek prestatutako egitarauan erromeriak, bertso-kantu afaria, bolo txapelketa, ohiko kofradiako kideen bazkaria eta egunero emango diren afariak tartekatuko dira.
Aurtengo ekitaldi aipagarrienetakoa Miren Amuriza eta Jon Maia bertsolariek Beñat Aiartza eta Ugaitz Catalan musikariekin batera girotuko duten bertso-kantu afaria izango da. Saioa domekan izango da iluntzeko 20:30etatik aurrera.
Argiñetako jaiak bihar hasiko dira, entsalada, txuleta, tripaki, piper, odoloste eta sasoiko produktuekin hornitutako afariekin eta, jarraian, Kaixo taldeak girotuko duen erromeriarekin.
Kofradi-bazkaria eta bolo txapelketa
Kofradiako partaideek etzi eguerdian izango duten bazkaria izango da zapatuko ekitaldi nagusia. Aldez aurretik meza egongo da 12:30ean eta iluntzean Eingo taldeak girotutako erromeria. 23:30ean bolo txapelketa hasiko da; lehiaketa irabazten duenak 300 euro, txapela eta txanpan botila eskuratuko ditu eta bigarrenak eta hirugarrenak 150 eta 100 euro eskuratuko dituzte, hurrenez hurren, eta txapan botila bana.
Domeka iluntzeko bertso-kantu afaria hasi aurretik, 12:30eko eliza ospakizuna eta jarraian egingo den auzoko dantza zaharrak izango dira. Arratsaldean berriz, puzgarriak, ping-ponga, futbolina, ludoteka edo eskulanak eskainiko dituen haur parkea jarriko da.
Ohikoa denez, astelehenean amaituko dira Argiñetako jaiak. Eguerdian eliza ospakizuna egongo da eta 14:00etan egongo den paella bazkarian egon nahi duenak 20 euro balio duen txartela erosi beharko du. 22:30etatik aurrera Mariskal Dejaik esakiniko duen saioak osotuko du aurtengo egitaraua.