
2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udagoieneko faseko hirugarren finalaurrekoa jokatuko da zapatuan, 17.30ean hasita, Larrabetzuko udal frontoian eta bertako oholtzan Miren Amuriza berriztarra izango da Durangaldeko ordezkari bakarra. Hirugarren saio honetako irabazleak zuzenean jasoko du Jone Uria eta Beñat Ugartetxearekin batera finalean egoteko txartela eta beste bost lehiakideak hiru finalaurrekoetan puntu gehien metatu dituzten bertsolariak izango dira.
Amurizarekin batera Ander Elortegi, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Julen Erezuma eta Mikel Goiriena izango dira finalerako txartelaren lehian. Berriztarra, Ajuriagojeaskoa bezala, inoiz finalista izandako denez Udagoieneko kanporaketa fasean ekin zion txapelketari eta Mungiako saioa irabazita lortu zuen finalaurrekoetarako txartela. Ajuriagogeaskoa berriz, Leioako kanporaketan gailendu zen.
Etxahun Lekue 2014an finalista izandakoa denez, saio honetan hasiko du aurtengo txapelketa. Elortegik, Erezumak eta Goirienak berriz, Udaberriko fasean hasi zuten 2016ko Txapelketa.
Azken finalaurrekoan kantatuko duten bertsolariek beste bietan egindako lan bera egin beharko dute; hau da, hamarreko nagusian ofiziotan hiruna bertso, zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso eta hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso. Ondoren kartzelako lanari ekingo diote, puntua emanda bertso bi zortziko txikian kantatuz eta, amaitzeko, gai bati buruz hiru bertso, doinu eta neurri librean, eskaini beharko dituzte bakarka.
Saioko gai-emailea Maite Berriozabal izango da eta epaileak berriz Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi izango dira. Idazkari lanetan Itxaro Juaristi eta Itziar Basterretxea arituko dira.
Ugartetxea finalera
Bestalde, Basauriko Artunduaga kiroldegian domekan jokatutako bigarren finalaurrekoan eskualdeko bi ordezkari izan ziren, Beñat Ugartetxea eta Aitor Bizkarra. Saioa Zornotzan bizi den mallabiarrak irabazi zuen eta abadiñarra seigarren postuan sailkatu zen.
Ugartetxeak 508 puntu lortu zituen ekitaldian eta Bizkarrak 420. Bien tartean sailkatu ziren Onintza Enbeita(497), Xabat Galletebeitia (495), Imanol Uria (474) eta Joseba Artza (442,5).