
Mallabiko Izar Gorri Elkartean joan den barikuan jokatu zen Durangaldeko bertsolari txapelketaren lehen kanporaketan Miren Amuriza izan zen puntu gehien lortu zituen bertsolaria. Guztira sei bertsolari aritu ziren. Amurizaren atzetik, Beñat Ugartetxea, Gorka Lazkano, Julen Sololuze, Garikoitz Sarriugarte eta Unai Ormaetxea sailkatu ziren. Bigarren kanporaketa datorren ostiralean izango da Iurretako Oromiño auzoan.
Maite Berriozabal gai jartzailearen esanetara aritu ziren sei bertsolariak joan den barikuan Mallabian egin zen lehen kanporaketan. 70 lagun inguru batu ziren Izar Gorri Elkartean. Saio bizia eta umoretsu baten ostean, Miren Amuriza geratu zen lehenengo, era horretan, Durangaldeko txapelketaren finalerako txartela lortu zuen.
Bigarren eta azken kanporaketa datorren ostiralean, apirilaren 30ean, egingo da Iurretako Oromiño auzoan. Bertan sei bertsolari izango dira: Eneko Abasolo, Eñaut Uruburu, Ander Salaberria, Ander Aldazabal, Jon Ander Urkiaga eta seikotea osatzeko, nahiz eta bere lana ez den epaituko, Mallabiko kanporaketan parte hartu zuen Gorka Lazkano izango da. Gai jartzaile lanak, Amaia Alberdi-k egingo ditu.
Saio honen ostean erabakiko da Maiatzaren 29an, Berrizko pilotalekuan jokatuko den Durangaldeko Bertsolari Txapelketaren finalean arituko den seikotea.
Mallabiko sailkapena:
- Miren Amuriza 201,5 puntu
- Beñat Ugartetxea 194,5 puntu
- Gorka Lazkano 180,5 puntu
- Julen Sololuze 175 puntu
- Garikoitz Sarriugarte 157 puntu
- Unai Ormaetxea 148,5 puntu
ZORIONAK Miren. Aurrera!