
Miren Amuriza bertsolari berriztarra abenduaren 15ean Bilbao Arenan jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean egongo da, atzo Berrizko frontoian izandako lehenengo finalaurrekoa irabazi eta gero. Saioan aritu zen Aitor Bizkarra abadiñarra hirugarren postuan sailkatu zen.
Puntu gehien lortu zituen Amurizak bere herriko pilotalekuan izan zen finalaurrekoan, nahiz eta lehiari hasiera eman zion zortziko nagusian ofiziotan eskainitako bertsoekin puntu gutxien lortu zituen partaidea izan zen. Lehen ariketa horretan 97 puntu bereganatu zituen berriztarrak.
Hortik aurrera egin beharreko beste lau ariketetan gailendu zen atzoko irabazlea. Guztira 515,5 puntu bereganatu zituen eta finalean egoteko txartela lortu ere.
Bizkarra, hirugarren
Aitor Bizkarrak saio txukuna egin zuen eta hirugarren postuan sailkatu zen. Abadiñarrak ondo hasi zuen saioa baina ekitaldiko bigarren ariketan, zortziko txikiarenean, puntu gutxien lortu zituen partaidea izan zen. Hortik aurrera gora egin eta 485,5 puntu bildu zituen, Xabat Galletebeitia bigarren sailkatua baino 18 gutxiago.
Bizkarrak Igorren eta Lekeition jokatuko diren beste bi finalerdien ondoren osotuko den azken sailkapenarekin jakingo du Bilboko finalean kantatuko duten zortzi bertsolarien artean egongo den ala ez.
Bigarren kanporaketa datorren domekan jokatuko da Igorreko kiroldegian. Agertokian Beñat Ugartetxea mallabitarra eta Eneko Abasolo ‘Abarkas’ iurretarra izango dira. Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita izango dira ekitaldiko beste lau partaideak.
Lekeition, abenduaren 1ean jokatuko den azken finalaurrekoan Txaber Altube abadiñarra lehiatuko da. Saioan Ander Elortegi, Arrate Illaro, Etxahun Lekue, Ibon Ajuariagokeaskoa eta Jone Uria ere izango dira.