
2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak finalaurrekoen lehen atala burutuko du domekan Durangoko Landako Gunean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Agertokian Miren Amuriza berriztarra izango da beste bost lehiakiderekin batera.
Amurizak Zallan jokatutako final laurdenetan lortu zuen finalerdietako txartela, bera izan baitzen saio horretan onena eta puntu gehien lortu zituen bertsolaria. Berriztarrarekin batera 2013an finalista izandako Aitor Mendiluze egongo da Landakoko agertokian.
Saioko beste lau partaideak Leitzako saioan puntu gehien metatu zituen Oihana Iguaran eta final laurdenetako saioetan lortutako puntuekin sailkatutako Iñaki Apalategi, Jon Maia eta Miren Artetxe izango dira.
Durangokoa jokatu ondoren, finalaurrekoen bigarren fasea hasiko da eta Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean jokatuko diren saioetan 18 lehiakide izango dira. Aurreko lau finalaurrekoetan puntu gutxien lortutako sei bertsolariek kanporatuak izango dira.
Dagoeneko hiru finalaurreko jokatu dira eta behin behineko sailkapenaren buru Maialen Lujanbio dago, hernaniarrak 750 puntu lortu baitzituen Irunen jokatutako ekitaldian. Jarraian, Sustrai Colina (705,50), Aitor Sarriegi (705,00), Igor Elortza (703,00), Beñat Gaztelumendi (694,50) eta Agin Laburu (690) agertzen dira. Elortza durangarrak bigarrena egin zuen Bastidako saioan Colinaren atzetik.
Finalaurrekoen bigarren fasean kantatuko duten 18 bertsolariek bi finalaurrekoetako puntuak batuko dituzte eta puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariek lortuko dute finalerako txartela. Abenduaren 17an BECen jokatuko den finaleko zortzikotea egungo txepelduna den Amets Arzallusekin osatuko da.
Domekan Durangon jokatuko den saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eta ohiko tokietan daude salgai 15 euroren truke. Bertsozale elkarteko kideak 12 euro ordainduko dituzte eta gazteek 8 euro.