Aurtengo Inauterietako eskaintza zabala antolatu du Berrizko Udalak, barikurako eta zapaturako hainbat ekitaldi iragarri dituzte, kalejira, txokolatada, kontzertua eta mozorro lehiaketa, besteak beste. Afari herrikoi bat ere egingo da larunbatean, Olakueta frontoian, parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez txartela erostea.
Haur-eskolaren kalejirarekin hasiko dira Inauterietako ekitaldiak, datorren barikuan goizeko 10.30etan. Ondoren Mozorroen kalejira egingo da Berrizko kaleetatik zehar. Arratsaldean trena ibiliko da Olakuetarik Elizondora. 17.30etan umeentzako ???Ba zen behin…espazioa??? antzerkia taularatuko du Poco Pico Teatro taldeak frontoian. Ondoren txokolate dastatzea egingo da probalekuan.
Larunbatean, otsailak 13, Sama Siku Txarangak herriko kaleak alaituko ditu, arratsaldeko 17.30etatik aurrera. Ondoren koadrilen arteko topaketa egingo da eta 18.30etan mozorro lehiaketa, Elizondo plazan. Afalostean emango dira sariak.
Gauean berriz afari herrikoia ospatuko da Olakueta frontoian. Bertan parte hartzeko derrigorrez mozorrotuta joan beharko da. Afaria 9etan izango da eta txartelak Etxebarria estankoan eta Ama-Lur liburu-dendan daude salgai . Txartelak erosteko azken eguna otsailaren 10ean izango da.