Joan den eguenean hasi ziren Inauteriak Durangaldean eta, mozorroz eta festaz beteriko asteburua atzean utzita, heldu da ospakizunen azken eguna: Martitzen Karnabal. Azken eguna izan arren, Durangaldeko herrietan ez da mozorro eta kolorerik faltako Karnabalak behar den bezala agurtzeko.
Abadiño
Denborarik ez galtzeko, goizeko 10:00etan emango diote hasiera Zelaietan martitzeneko egitarauari umeen kalejira eta txokolatadarekin. Arratsaldeko 15:00etan Dj Unai aritatuko da frontoian eta azkenik, 18:30ean beste txokolatada bat eta trikipoteoa egingo dituzte Matienan.
Amorebieta-Etxano
Zelaieta parkean Eidabe antzerki konpainiaren ‘Txapela buruan eta dantza munduan’ antzezlana ikusi ahal izango da arratsaldeko 17:00etatik aurrera. 19:00etan, berriz, inauterietako kalejira hasiko da Zelaieta parkean, Udazkeneko dultzaineroekin.
Orduan esango zaio agur Perubeleri eta erre egingo da. Ondoren, txikienentzat txokolatada egongo da, 19:30ean hasita. Ordu berean, inauteriei amaiera emateko, Nai imaginazioak taldeak ‘Mugi Dubi Doo dantzan’ ikuskizuna eskainiko du Zelaieta parkean.
Durango
Gaurko egitaraua Landako Gunean eta Andra Mariko Elizpean garatuko da. Lehenengoan, haur parkeaz eta txu-txu trenaz gain, mozorro photocall bat jarriko da eta ondoren, erosketa txartelak zozketatuko dira 19:30ean. Andra Mariko Elizpean, aldiz, gazte diskotekan Oihan Vegarekin dantzatzeko aukera egongo da eta, berritasun moduan, makilaje artistiko eta gomazko maskaren tailerrak egongo dira.
Elorrio
10:30ean hasita, eskola-umeen dantzak ikusteko aukera egongo da eta ondoren, 11:30etik 13:00etara, Larima diskofestak alaituko du giroa. Arratsaldera begira, 18:30ean Luhartzen erromeria hasi baino lehen, txokoaltea banatuko dute. Horretaz gain, goizean zein arratsaldean haur parkea egongo da.
Iurreta
18:00etan nagusien etxean hasita, mozorro desfilea eta txokolatada egingo dituzte. Ordu berean, Dj Ainhoa egongo da Karnabalen azken eguna girotzen.
Mallabia
Potxin eta Patxin pailazoek ‘Zirkuko izarrak’ emanaldia eskainiko dute eskolan 14:30etik 16:00etara. Ondoren, 16:30ean txokolatea banatu eta Dj Txurrurekin erromeria hasiko da frontoian. 18:30ean playback-a eta mozorro lehiaketa egongo dira.
Zaldibar
Arratsaldeko 16:30ean tostadak banatuko dira Udaletxeko plazan eta 17:00etan mozorro lehiaketa ospatuko da Alaiki diskofesta animatuarekin batera.