
Aiko Taldeak ‘Muga gainetik dantzan’ ekimena antolatu du biharko. Prestatutako jarduera Alde Zaharrean eguerdian egingo den kalejirarekin eta Plateruenan egingo den bazkaria eta bazkalosteko dantzaldi-kantaldi-erromeriarekin osatuko da.
Aiko Taldeak urtero antolatzen duen Gabon aurreko erromeria eguerdiko 13:00etan hasiko da, Andra Mariko aterpean egingo den sokadantzarekin. Ordu erdi geroago, Durangoko kaleak hartuko dituen dantza-poteoa abiatuko da eta 14:30ean Plateruenara hurbiltzen direnei txakolin banara gonbidatuko die Aiko Taldeak.
Eguneko egitaraua 15:00etan Plateruenean hasiko den bazkari herrikoiarekin jarraituko du. Bazkalostean, dantza zale guztientzat zabalik egongo den erromeria hasiko da eta bertan hainbat gonbidatu izango dira Aiko Taldeko Sabin Bikandi (txistua eta danbolina), Álvaro García (gitarra), Txus Aranburu (akordeoia) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) musikariek eta Patxi Laborda, Ainhoa Odiaga eta Irune Arrizubieta dantza irakasleekin batera.
Erromerian lehen aldiz hartuko dute parte Oskorri taldeko Bixente Martínez musikariak zein Kristian Borda taldeburu duen Kiki Bordatxo boskote miarriztarrak. Agerraldia osatzeko Iruñeko Jarauta 69 txaranga beteranoa eta Bizkaiko Gaiteroek izango dira.
Durangon ospatzen den ekimenak, musika eta dantza tradizionalaz gozatzen duten 200 pertsona inguru batzen ditu. Aurtengo jaia gaueko 22:00etan amaituko da, “ziurrenez ‘Mi carro’ abestuz”, Aikotik adierazi dutenez.
Eskerrik asko AIKO betiko gure dantzak jagon, irakatsi eta dantza guneak antolatzeagatik.
Plazer handia zuen moduko irakasle, musikari eta ekintzaileekin aritzea. Plan itzela prestatu diguzue oraingoan ere.