
Elorrioko Iturri Kultur Etxeko erakusketa aretoak Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalaren printzipioekin konprometitutako arte erakusketa hartuko du urtarrilaren 28ra arte. Gernikako Bakearen Museoa Fundaziotik ekarritako erakusketak mundu osoko artisten grabatuak ikusteko aukera eskaintzen du.
34 grabatu batzen dituen erakusketa honen helburua Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsala ezagutaraztea da, eta horretarako jatorri ezberdinetako artisten obrak bildu dira. Artea eta aldarrikapena bateratzen dituen bilduma honetan Puerto Rico, Brasil, Australia, Burundi, Hegoafrika, Txina, Kolonbia, Zimbawe, Egipto, India, Indonesia, Iran, Irak, Kenya, Sudan, Pakistan, Peru, Senegal, Mozambike, Sri Lanka, Israel, Turkia, Venezuela, Tibet eta Namibiako artisten lanak daude ikusgai.
Grabatuen bidez Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsala osatzen duten artikuluak ezagutu eta Giza Eskubide hauen zabalkundean arteak duen indarra ikusteko aukera ematen du.
Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalaren printzipioak aldarrikatzen dituen erakusketak, oinarrizko espiritua eta balioekin duen konpromisoa erakutsi nahi du.
Erakusketa urtarrilaren 28ra arte dago ikusgai, goizeko 10.00etatik arratsaldeko 20.00etara.