Muntsaratz auzoan dagoen aparkaleku arazoa eta ‘pump track’ zirkuituaren kokapena izango dira hizpide Abadiñoko EH Bilduk bultzatutako ‘Abadiño Mugi’ dinamikaren baitan, bihar egingo den bilera irekian. Saio presentziala arratsaldeko 18:15ean hasiko da aterpean (estalitako jolas-parkearen ondoan) eta bilera telematikoa https://bbb.ehbildu.eus/b/end-y9z-e2a helbidean jarraituko ahal izango da 20:00etan hasita.
Aparkaleku eskasia “gero eta larriagoa bilakatzen ari da, Muntsaratzeko biztanleriak gora egin duen heinean”, talde subiranistaren zinegotzien esanetan. Gaur egungo arazoari irtenbide bat emateko helburuarekin “moldaketa batzuk eginez, plaza gehiago sortzeko proposamen bat landu dugu”.
Bileran bigarren gai bat ere landuko dute bileran, “udal talde guztiok gure programan aurkeztu genuen ‘pump track’ zirkuituarena” hain zuzen. Ekitaldian, skateboardekin edo bizikletekin erabiltzeko zirkuituaren kokapenari buruz hitz egingo dute “aukera desberdinak aztertuz”.
‘Abadiño Mugi’ dinamikaren helburua “Udal gobernuaren gabeziak” gainditu eta “herritarrekin elkarlanean, Abadiñon segurtasuna, irisgarritasuna eta auzoen bizitasuna bermatuko dituen mugikortasun plan bat” garatzea da.