Zornotzako Gazteak eta Ametx Gazteriak erakunde autonomoak elkarlanean antolatutako 6. Gazte Eguna ospatuko da barikuan eta zapatuan. Prestatutako egitarauan musika ekitaldiak, bazkaria edo Usansoloko gazteen aurkako olinpiadak tartekatuko dira.
Edizioa honetako egitaraua bariku arratsaldean hasiko da, 17:36etatik aurrera egongo diren umeentzako jolasekin. Ordu bete geroago Kito, Ito ta Txon eta Txalainak-en kontzertu akustikoak hasiko dira.
Barikuko egitaraua osatzeko Salitre, Primeros Auxilios eta Eztanda taldeek Zelaietako kontzertu gelan eskainiko dituzten agerraldiak egongo dira.
Goizeko 10:36etan piztuko den txupinazoarekin eta Erraldoiak eta Bizkargi 1937 Zanpantzarrak abiatuko duten kalejirarekin emango zaio hasiera zapatuan Gazte Eguneko ekitaldiei. Eguerdian Zornotza eta Usansoloko gazteen arteko olinpiada hasiko da eta zornotzarrek martxoaren 3an Usansolon izandako lehiaketaren errebantxa hartzeko aukera izango dute. Ondoren, poteoa egongo da.
15:16etan gazteen bazkaria hasiko da karpan, eta hau izango da ordaindu beharko den ekitaldi bakarra bertan egoteko tiketak ekitaldi Urtza edo Saltxan baitaude salgai 10 euroren truke. Bazkalostean Kitturen ekitaldia egongo da eta arratsaldeko 18:06an Elektrotxufla ibiliko da Luis Urrengoetxea kalea girotzen.
Gauean K.O. Etiliko eta Arkada Social taldeek karpan emango duten kontzertuarekin osatuko da aurtengo egitaraua.