Elorrioko Zenita auzoan dagoen Argiñeta paraje ederrean, Kofradia jaiak ospatuko dituzte gaur hasi eta astelehenera arte. Ohiko afariekin eta Kaixo taldearen erromeriarekin gaur abiatuko den egitarauan musika ekitaldiak, bertsolariak, bolo txapelketa edo kofradiako kideen bazkaria tartekatuko dira.
Abuztuko lehen zapatuarekin batera kofradiaren eguna ospatuko dute bihar eta egitaraua 12.30ean emango den mezarekin abiatuko da. Egunean zehar auzoko trikitilarien ekitaldiak egongo dira eta 14.00etan ohiko kofradi-bazkaria hasiko da.
Gaueko 22.30etatik aurrera Lotxo taldeak girotutako erromeria egongo da eta ordu bete geroago bolo txapelketa hasiko da. Lehiaketako lehen hiru sailkatuek 300, 150 eta 100 euroko sariak eta txanpan botila bana jasoko dituzte eta irabazleak txapela jantziko du.
Eliza ospakizunarekin emango diote hasiera domekarako prestatutako egitarauari eta gabeko 22.00etan bertso-kantu saioa eskainiko dute Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Txaber Altube, Beñat Aiartza eta Aritz Mugategi bertsolariek.
Asteleheneko ekitaldiak 12.30ean egongo den eliza ospakizunarekin hasiko dira eta 14.00etan paella jana egongo da. Gaueko 22.30etatik aurrera Dj Alexek girotutako dantzaldiarekin amaitu dira aurtengo jaiak.