
Polemikak polemika, Kurutziagan kokatuko da aurten Sanfaustoetako jai-eremu garrantzitsua den txosnagunea. Txosna Batzordean bildutako 14 taldeek Udalak hasieran proposatutako lekua erabiliko dute, adostutako gune desberdinen arteko errotazioa baliatuta.
Txosnagunean eskainiko den egitarauak San Faustoetako programa osotuko du, Kurutziagan bertan zein herriko beste leku batzuetan burutuko diren ekitaldiekin. Egitarauan iragarritako lau kontzertuak eta erromeria nabarmenduko badira ere, Mañaria errekaren jaitsiera zein gastronomiarekin lotutako hainbat ekitaldi ere tartekatuko dira.
Kontzertu aipagarrienetakoa datorren asteko barikukoa izango da, agertokian lau talde egongo direlako, Zoo valentziarrak tarteko. Boskote horrek eskainiko duen saioan rap, tekno, breakbeat, reggaeton, rock eta bestelako doinuak entzungo dira.
Valentziarrekin batera hardcorea oinarri duen Eat My Fear talde alemaniarra; punk doinuak lantzen dituen Genderlexx madrildarra eta jostaketa oinarri duen Godoys bilbotarrak izango dira agertokian.
Euskal Herriko talde beteranoenetakoa den Potato gasteiztarra, aste honetan, zapatuan hain zuzen joko du Kurutziagan, reggae eta ska doinuak eskaintzeko. Kontzertua funk eta soul doinuak lantzen dituen Priscilla Band talde bilbotarrarekin osotuko da.
Eskualdeko taldeek euren doinuak eskaintzeko aukera izango dute eta gaur bertan, Tres41, Alerta eta Stronger Togheter igoko dira agertokira.
Etzi, San Fausto egunez, Storm talde durangarra izango da ekitaldiko protagonista. Pop-rock estiloa lantzen duen boskoteak ‘Over the bridge’ lehen diskoa kaleratu zuen udaberrian.
Durangarrekin batera 70. hamarkadako rock&rolla lantzen duen Skean Kristo talde arratiarra zein Bedia, Lemoa eta Zornotzako hiru musikari batzen dituen Zeinke ere izango dira.
Agertokiko musika ekitaldiak 21ean osotuko dira Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek eta Luhartz taldeek eskainiko dituzten saioekin. Gainera, gaur hasiko diren jaietako lehen ekitaldia batukada batek eskainiko du eta zapatuan Elektrotxaranga ibiliko da han-hemenka.
Erreka jaitsiera
Durangoko jaietan huts egiten ez duen hitzordu arrakastatsua da Mañaria errekaren jaitsiera. San Fausto egunean egingo den ekimenean, kolorez eta umore onez beteriko ontziek nabarmenduko dira Tabira eta Sanagustinalde arteko erreka tartean.
Jaitsiera hasi aurretik txosnagunean egongo den paella lehiaketa ez da izango gastronomiari lotutako ekitaldi bakarra. Bihar, oilasko errea dastatzeko aukera egongo da; zapatuan, gazteen bazkaria egingo da; 20an bertso-rap-arekin girotutako tortilla txapelketa egongo da eta 21ean Elkartasun bazkaria ospatuko dute.
Dispertsioaren aurkako taldeak gaur iluntzean piztuko duen txupinazoarekin hasiko diren ospakizunak, aire akrobazien ikuskizunarekin, umeentzat prestatutako puzgarriekin edo koadrilen arteko olinpiadarekin osatuko dira.