
Durangoko Udalak eta herriko 20 eragilek, 22 ekitaldi prestatu dituzte ekainaren 2tik 11ra ospatuko diren Euskal Jaietarako. Egitarauan musika eta pilota ekimenak nabarmenduko badira ere, berrikuntzak ere egongo dira.
Edizio honetako berritasunen artean, pare bat proposamen nabarmentzen dira. Alde batetik, Dinagu Emakume Sortzaileen kolektiboak ekainaren 11rako prestatu duen Nomadak Gaitun! Azoka ibiltaria; eta, bestalde, 8an San Antonio ikastetxeko ikasleek pastoralarekin eta euskal kantekin osatutako ‘Loraldia eskola’ ikuskizuna.
Aurtengo Euskal Jaiak Francesco Paolo Tostik konposatutako ‘Romanzas de Salón italianas’ musika klasikoaren kontzertuarekin hasiko dira 2an. Hurrengo egunean Sugarri fanfarrearen kalejira eta Jeiki Hadi Taldeak eskainiko duen ‘Dantzaro’ emanaldiaren txanda izango da. Oihan Vegak ikasle gazteenei zuzendutako saioa eskainiko du 6an; eta 10ean, Tabira Musika Bandaren agerraldia egongo da eguerdian eta Silboberri Txistu Elkarteak antolatutako ‘Durango Hiria’ Txistu kontzertuak egongo da arratsaldean.
Jaizale eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolako txistulariek, Tronperri, Txoritxu Alai eta Kriskitin dantza taldeetako kideekin batera, kalejira eta dantza eta musika agerraldiak eskainiko dituzte 11n.
Eskuz zein zesta punta pilota modalitateak tokia izango dute aurtengo egitarauan. XII. Peter memorialak, nesken eta mutilen partidak iragartzen ditu 2rako eta 9rako, eta XIX. zesta punta txapelketaren partidak 3an eta 10ean jokatuko dira. Gainera, Pilota Eguna ospatuko da Euskal Jaien azken egunean, goizez zein arratsaldez.
Haurren kontseiluak eta aisialdiko elkarteek, erdiguneko bost guneetan ospatuko den Jolas Eguna, prestatu dute 3rako; hurrengo egunean Durangaldeko Artisten Elkarteak antolatutako Umeen eskolarteko lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo da; 7an ‘Yuku eta Himalaiako lorea’ zine emanaldia egongo da umeei zuzenduta; 8an Industriaren herri kirolak izango dira gaztetxoentzat; eta 9an joku tradizionalen topaketa egongo da.
2023ko Euskal Jaien egitaraua, 8an ikusgai jarriko den Iñaki Peñaren ‘Mendian hil, hirian hil’ ikus-entzunezkoaren eta ondoren egongo den solasaldiarekin, eta 11n egingo den Julene Azpeitia ipuin, olerki eta bertso-koplen lehiaketaren sa-ri banaketarekin osatuko da.