
Elorrioko Erreka kaleko, Herriko plazako eta inguruetako zenbait tabernarik Erreka kaleko jaiak antolatu dituzte aurten ere eta ohikoa denez, musika izango da egitarauko osagai nagusia. Gainera, agerraldietako zenbait protagonista eskualdeko taldeak eta musika jartzaileak izango dira.
Iragarritako egitaraua eguen arratsaldean hasiko da, 19:00an aldera, astero egiten den pintxo-potearekin eta horren inguruan antolatutako zozketarekin. Barikuan, 19:30etatik aurrera Sakatu Punk elektrotxaranga ibiliko da erdigunea girotzeko asmoz eta gaueko 23:00etan Anita Parkerren kontzertua hasiko da Arriola Antzokiko Ateneoan.
Plazako pelotalekuan arratsaldeko 17:00etatik aurrera jokatuko diren pelota partidekin abiatuko da zapatutako egitaraua. Arratsaldeko 18:30ean Luhartz taldearen lehen ekitaldia hasiko da Herriko plazan, eta gaueko 23:00etan bigarren saioari ekingo diote. Gaztetxean berriz, Durangaldeko musikariak biltzen dituen Storm taldea, Soraluzeko Enders laukotea eta Jkin Alonso Dj elorriarra izango dira gaueko 23:00etatik aurrera.
Domeka goizean egingo den 3R Azokarekin eta Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek eskainiko duen kalejirarekin osatuko dira aurtengo ospakizunak.