
Hesian, Skakeitan eta Trikizio taldeek zapatuan eskainiko duten kontzertua, gastronomiarekin lotutako ekimenak eta kirol ezberdineko norgehiagokak tartekatuko dira asteburu honetan Mallabin ospatuko diren Urriko jaietan. Udalak eta herriko Jai Batzordeak antolatutako ospakizunak bihar, arratsaldeko 18:30ean, piztuko den txupinazoarekin hasiko dira.
Aurtengo egitarauko berrikuntzetako bat zapatu arratsaldean egingo den ‘Txiki-txef’ ekimena izango da. “Iaz, gominolekin egindako pastelak eta gozokiak prestatu genituen umeentzat bereziki egindako ekimenean eta aurten beste urrats bat emango dugu”, Igor Agirre Mallabiko alkatearen esanetan.
Jaietako txupinazoa piztu aurretik, umeentzako prestatutako eskulan tailerrak zein han-hemenka ibiliko diren buruhandiekin disfrutatzeko aukera izango dute etxeko gazteenek. 19:00etan elizpeko pilota txapleketaren finalak jokatuko dira eta ordubete geroago oilaskoen pintxoak egongo dira salgai.
Musikarekin osatuko da lehen eguneko egitaraua. Iluntzeko 20:30ean Rock Brothers Duok eskainiko duen saioa hasiko da plazan eta horren ostean Dj Txurru animatzaile mallabitarraren txanda hasiko da.
Mallabia eta Erandiotarrak taldeek Zaldibarreko kiroldegian jokatu duten areto futbol partiduarekin hasiko dira zapatuko ekitaldiak eta 11:00etan herrian egingo den duatloi txikia hasiko da.
Ardau Feria
Arratsaldeko 17:00ak arte iraungo duen Ardau Feriaren II. edizioa hasiko da eguerdian probalekuan. Bost euroren truke salduko den edalontziarekin, dastatzeko jarriko diren ardo mota desberdinak probatzeko aukera egongo da. Gainera, “herriko tabernarien partaidetza sustatzeko helburuarekin, beraiek prestatutako pintxoak egongo dira salgai”, Agirrek azpimarratu duenez.
Ondoren, umeentzako antolatutako ‘Txiki-txef’ ekimen berritzailea hasiko da. Aurten, iazko gozokien ordez, txokolateaz egindako taloak edo fruituekin egindako broxetak prestatzen ikasteko aukera izango dute, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara burutuko den ekimenean.
Eguneko ekitaldiak gaueko 22:30etatik aurrera, Hesian, Skakeitan eta Trikizio taldeek eskainiko duten kontzertuarekin amaituko dira.
Pailazoak eta magia uztartzen dituen Magiklown ikuskizunarekin abiatuko da 16:30ean domekako egitaraua. Ondoren txokolatada egongo da eta Kontzejuzarrean mus txapelketa hasiko da.
Paleta eta areto futbol partiduekin amaituko dira jaiak. 17:30ean nesken gomazko paleta ‘MPB saria’ zirkuituaren finala jokatuko dute frontoian Martin eta Saezek Arrizabalaga eta Etxanizen kontra. 18:00etan berriz, Mallabiako taldea Gasteizko Batzarre taldearen kontra jokatuko da Zaldibarko kiroldegian.