
Jaietako osagarri nagusienetakoa den musika, koadrilekin eta herritarrekin batera, Karmen eta Santanatxu jaien hasierako protagonista nabarmenena eta ia bakarra izango da. Ospakizunak gaur hasiko dira, arratsaldeko zortzietan, Udazken Txistulari Taldeak pregoia irakurri eta txupinazoa pizten duenean, eta horren ostean, era guztietako doinuak barreiatuko dira jarraian Zornotzako bazter guztietan.
Zornotzarrek ospakizunetarako gogotsu daude bi urteko etenaldiaren ondoren, eta jaien txorrota irekitzeko ardura Iban Ibarretxe txistulariari egokitu zaio. Bere hitzak entzun aurretik eta ondoren, pentagramako nota guztiak agortu arteko doinuak hedatuko dira non-nahi.
Udazken taldeko txistulari eta gaiteroez gain, Ondalan konpartsa, Iskadi, Bermeoko Kietb, eta Zornotzako Udazken Barria, Etxanoko erraldoi eta buruhandien konpartsa eta Zornotzako Musika Banda izango dira ZorHontzaren kalejiran.
New Orleanseko doinuek hartuko dute protagonismoa 21:30ak aldera, kalejira egingo baitu Euskorleans Dixie Band taldeak Euskal Herria plazan abiatu eta Kalbarioraino.
Ordu bete beranduago hasiko da jaietako lehenengo kontzertua Zubiondon. Agerraldiko protagonistak Doctor Deseo bilbotarrak izango dira, taldekideen artean Joe Gonzalez saxojole zornotzarra izango dela.
Herriko musikariekin osatutako Zirkinik bez! taldeak joko du Zelaieta parkean egongo den erromerian eta Gaztetxean, goizaldeko 1:00an hasita ‘Esto no es rock radical vasco’ ikuskizuna eskainiko da, amaieran Dj Txelitok eskainitako Karibe mix saioa hasiko da.