Durangaldeko Jaizale Txistulari Elkarteak domekan eskainiko du urteroko Gabonetako kontzertua, eta aurten ere musikari eta abeslari ugari bilduko dira eskualdeko txistulariekin. San Frantzisko elizan izango den saioa 13:00etan hasiko da eta bi ordu lehenago entsegu orokorra burutuko dute.
Felipe Zelaieta bertsolariaz gain Xabier Iturriagaetxebarria perkusionista, Alex Agirrebeitia pianojolea, Iñaki Leibar trikitilaria, Iratxe Oses, Alberto Asla, Josu Otxotorena eta Koldo Izagirre metal jotzaileak eta Nagore Pastor, Miren Eeles, Onintza Azkarate, Amaia Jaio eta Juanan Hernández biolin jotzaileak arituko dira.
Kantariak berriz, Irene Lasa, Mireia Aranzabal eta Eneritz Elgezua sopranoak; Aintzane Arroitajauregi, Arrate Bañares, Itziar Lasa eta Ainhoa Garcia kontraltoak; Fernan Alsasua, Josutxu Irasuegi, José A. Mugerza eta Balentin Sagastizabal tenorrak eta Kalo Aranzabal, Gonzalo de la Cruz eta Felix Maiztegi baxuak izango dira.
Eguneko programan Gabon kantak zein bestelakoak tartekatuko dira eta pieza ia guztiak Fer Aurrekoetxeak moldatu ditu. Agerraldia Tapia eta Leturiaren ‘Ai hau gauaren zoragarria’ piezarekin hasiko da eta jarraian F. Lavillaren ‘Aintzaldu aingeruak’ eta ‘Din, dan don’ eta ‘Ez dauko bexiguak’ pieza herrikoiekin jarraituko du.
Ondoren, Leonard Cohenen ‘Hallelujah’, ‘Hator, hator’ eta ‘Kas, kas atean’ herrikoiak izango dira entzungai eta jarraian eskainiko dituzten Aita Donostiaren ‘Oi Betleen’, ‘Olentzaro begi gorri’ pieza herrikoia eta Luis Urteagaren ‘Alborada Navideña’rekin osatuko da kontzertua.