
Abadiñoko Udalak antolatutako ospakizunez gain Txosnagunean, Gaztetxean eta Elkartasun lokalean egingo diren ekitaldiekin ostatuko dira aurtengo San Blas jaiak. Gaur hasi eta domekara bitartean musika eta bestelako ekitaldiak iragartzen dituzte antolatzaileek.
Prestatutako egitaraua gaur bertan hasiko da arratsaldeko 18:30ean Gaztetxean egingo den barra irekierarekin eta horren ondoren egongo den pintxo-potearekin. Iluntzeko 20:00etan berriz, Durangaldeko musikariekin ostatutako The Mocker’s taldeak eta rock-and-rolla jotzen duen Bogan talde frantziarraren kontzertua egongo da.
Biharko egitaraua arratsaldeko seietan Elkartasun lokalean hasiko den familientzako disko festarekin abiatuko da. Jarraian, Gaztetxearen barra irekiko da eta txosnagunean garagardo dastaketa egongo da Gari Brewing Companyren eskutik. 20.30ean hanburgesa jana egongo da eta eguna borobiltzeko Storm talde durangarrak kontzertua eskainiko du Gaztetxean.
Gazta egiteko ikastaroak
Zapatuan, San Blas egunez, taloaz eta bertako produktuekin atondutako jantokia egongo da EHNEko karpan eta Txosnagunean Amnistiarekin lotutako produktu desberdinak erosteko edo gazta egiteko ikastaroan parte hartzeko aukera egongo da.
Arratsaldeko 17:00etan Dj Alus eta Dj Jotatxoren saioak egongo dira Elkartasun lokalean eta Gaztetxean, 18:30ean, ‘Ibili, ibili eta ibili’ Latinoamerikatik bizikletan egindako bidaiaren berri eman eta argazki saioa eskainiko dute Iker eta Anek. Jarraian, 20:00etan, Elvis Caino Djaren ekitaldia egongo da eta egitaraua borobiltzeko Dj Miauren saioa egongo da Txosnagunean.