
Elorrioko ‘Las Cuarenta’, Lourdes eta Txanberi etxebizitza multzoei ‘Kulotxa’ izenburu jarri zioten auzokoek orain direla pare bat hamarkada eta aurten, lehenengoz, bertan egingo den jaialdia antolatu dute zapaturako. Egitarauan jolasak, bazkari herrikoia, musika kontzertuak eta Udalak antolatutako ‘urban kirolak’ ekimena tartekatuko dira.
Prestatutako egitaraua goizeko 11.00etan abiatuko da Inguru abentura taldeak bertan jarriko dituen txintxaunak, jolasak eta eskainiko dituen era desberdineko tailerrekin.
Eguerdian triki poteoa egongo da eta 14.00ak aldera bazkari herrikoia egingo dute bertan prestatutako paella erraldoia dastatuz.
Arratsaldean txintaunak, jolasak eta txokolatada egongo dira eta 20.00etan Rafa Garbalena eta Pancho Cruzek osatzen duten A Cara y Cruz bikotearen musika ekitaldia hasiko da. 22.30ean berriz Sei Urte eta The Van taldeek eskainiko duten kontzertuarekin amaituko dira ekitaldiak.
Urban kirolak
Kulotxa jaialdiarekin uztartuko da Elorrioko Udalak antolatutako ‘urban kiorlak’ ekimena. Arratsaldeko 17.00etatik 19.00etara bitartean bertaratzen diren ume eta gazteek parkour zein scooter freestyle tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Gainera parkour erakusketa eta funkya praktikatzeko aukera egongo da.
Scooter freestyle tailerrean parte hartzeko bakoitzak bere scooterra eramateaz gain, kaskoa ere beharrezkoa izango du.