
Atzo jokatu zen Bizkaiko Eskolarteko bat-bateko txapelketaren laugarren, eta azken, kanporaketa. Naroa Iturrioz zornotzarrak batu zituen puntu gehien, eta beraz, finalerako sailkapen zuzena lortu zuen. Bestalde, erabakita geratu da nortzuk izango diren maiatzaren 31ko finalean parte hartuko duten bertsolariak.
Bizkaiko Eskolarteko Txapelketako azken kanporaketa jokatu zen atzo Durangoko Kurutziaga Ikastolan. Ondorengo zazpi gazteak izan ziren eguneko protagonistak: Aner Goikoetxea, Haizea Rotaetxea, Jon Abasolo, Maddi Aurtenetxe, Malen Ibarzabal, Maren Armendia eta Naroa Iturrioz.
Gai-emaile lanetan Ander Aldazabal aritu zen eta epaimahaia Garazi Mendoza, Beñat Romero eta Juanjo Respaldizak osatu zuten. Idazkari lanetan, berriz, Ander Elortegi izan zen.
Erabaki da finala
Bizkaiko Eskolarteko bat-bateko txapelketak lau kanporaketa izan ditu. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatu da, eta gainontzeko laurak puntuazioz. Hauek izango dira, beraz, datorren maiatzaren 31an, Iurretako frontoian jokatuko den finalean abestuko duten gazteak:
- Naroa Iturrioz (Zornotza)
- Maddi Aurtenetxea (Zornotza)
- Kelmene Abaitua (Berriz)
- Aiala Irurtia (Arantzazu)
- Ekhi Zuluaga (Igorre)
- Enara Gallastegi (Dima)
- Iradi Barrenetxea (Artea)
- Jon Abasolo (Munitibar)
Goizeko 10:00etan eskolarteko nagusien idatzizko finala izango da eta ostean, 11:30ean, ekingo dio bat-bateko finaleko zortzikoteak.