
Naroa Jaio bertsolari iurretarrak irabazi du Durangoko Kurutziaga ikastolan jokatutako Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa. Garaipenarekin Arrigorriagan jokatuko den finalerako txartela ere eskuratu du.
Bizkaiko bat-bateko eskolarteko txapelketaren bigarren jardunaldian, Jaiorekin batera, Kelmene Abaitua, Adur Lopez, Izei Nuñez, Nahia Ruiz De Arbulo eta Garazi Uriarte lehiatu ziren.
Gai-emaile lanetan Ander Aldazabal aritu zen; epaileak Mirian Juaristi, Jon Martinez eta Mirari Azula izan ziren; eta idazkari lanetan Ander Elortegi aritu zen.
Bizkaiko Eskolarteko hirugarren eta azken kanporaketa gaur jokatuko da Igorreko Lasarte aretoan. Saioa, aurreko kanporaketak bezala, arratsaldeko 17:00etan izango da.
Finala berriz, Arrigorriagan jokatuko da maiatzaren 25ean, 11:30etatik aurrera, eta bertan, gutxienez, eskualdeko bi bertsolari izango dira. Jaiok Durangoko ekitaldian txartela lortu badu, Algortan jokatu zen lehen kanporaketa Naroa Iturrioz zornotzarrak gailendu eta finalerako txartela eskuratu zuen.
Finaleko zortzi finalistak kanporaketa bakoitzeko irabazleak eta saioetan puntu gehien eskuratu dituzten beste bost bertsolariak izango dira.