Durangaldeko neska gazteak ‘Biribilketa’ deituriko topaketa feminista burutuko dute bihar Durangoko Sorginola gaztetxean. Jardunaldia goizeko 11:00etan hasiko da harrera eta lehenengo eztabaidarekin eta iluntzera arte jarraituko du.
‘Biribilketa’ irekiko duen ekitaldian gazte mugimenduan nola parte hartzen duten eta feminismotik zein ekarpen egin diezaioketen aztertuko dute, eta baita mugimendu feministan, gazte bezala, non kokatzen diren hausnartu.
Bazkalostean, Durangaldean greba feministaren bueltan zein planteamendu egin diren azalduko dute, azken urteetan antolatu den bizikleta martxara ere deia luzatuz.
Ekitaldian aurten egingo diren II. udaleku feministen aurkezpena egingo da eta 17:00etan ‘Neska gazteon iruditegi feminista’ deituriko jolasa eta tailerra hasiko da.
Antolatzaileak iaz egindako lehenengo Euskal Herriko gazte udaleku feministetan jarritako helburuari eutsiko diote, “neska gazteon arteko saretzea eta diskurtso propioa garatzen hastea”, hain zuzen. Bertan, eskualdeko neska gutxi batzuek izan zuten parte hartzeko aukera eta horregatik “Durangaldera hurbildu nahi izan dugu oihartzuna”.
Informazio gehiago:
https://www.facebook.com/BiribilketaFeminista/
https://www.instagram.com/biribilketa.feminista/?hl=es