
Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoak zazpi urtetik gorako ikusleei zuzendutako ‘Lur’ ikuskizuna eskainiko du gaur, iluntzeko 20:15ean. Xake Produkzioak sortutako antzezlanaren protagonista nagusia neskato baten gorputzean bizi den Ane da.
Getari Etxegaraik zuzendu eta Erika Olaizola, Mikel Laskurain, Kepa Errasti eta Nerea Gorriti antzezleek taularatzen duten ikuskizunak sexu-identitatearen inguruko hausnarketa eragiten du.
Antzezlanaren protagonista den Anek laster sei urte beteko dituela eta bere biloba den Julianek, jostailu dendako jabea, umearentzat propio egindako panpin berezi bat prestatzen ari zaio. Anek eta Julianek bidaia zirraragarri bat hasiko dute panpinarekin batera, desioak betetzen dituen izar magiko baten bila.
Itxuraz abentura irudimentsua dirudienak Aneren eta Jon bere aitaren arteko harremana berbideratzen lagunduko du. Azkenaldian Jonek onarpen arazo bat dauka. Izan ere, Ane mutila da.