Zornotzako Ametxgazteriak ‘Not in my town’ bideo lehiaketa martxan jarri du, gazteen artean gerta daitezkeen diskriminazio egoeren inguruko sentsibilizazioa helburu izanda. Lau sari banatuko dira, guztira 980 eurotan baloratuta, Dendariak elkarteko dendetan erabiltzeko.
Bideo lehiaketa honek gazteek euren sentsibilizazio kanpainak sortzea dauka helburu. Programak elkarren arteko errespetua eta harreman seguru eta osasungarriak transmititu nahi ditu.
Balore horiek ondoen islatzen duten bideoak sarituak izango dira. Lanek bost minututik beherako iraupena izan behar dute, eta hizkuntzarik erabiliz gero, euskara, gaztelania edota ingelesa onartuko dira.
Lanak aurkezteko epea abenduaren 2an bukatzen da eta sari banaketa abenduaren 10ean izango da Zelaietan antolatuko den galan.
Epaimahaiak sari bi banatuko ditu. Alde batetik, 11 eta 14 urteko kategorian irabazten dutenek, 200 euroko baleak izango dituzte Dendariak elkartearen saltokietan erabiltzeko. 14 urtetik gorakoen kategorian irabazten dutenek berriz 360 euroko balioa duten baleak eskuratuko dituzte. Epaimahaikideak Ametxgazteriaren ordezkari bat, ikastetxeen ordezkari bat eta zine zuzendari edo arlo horretan aditua den pertsona bat izango dira.
Ikusleek beste bi saridunak aukeratuko dituzte, www.ametxgazteria.net webgunean egingo den bozketaren bidez. 11 eta 14 urtekoentzat saria 140 eurotan baloratutako baleak izango dira, eta 14 urtetik gorakoentzat 280 eurotan baloratutako saria izango da.