60. hamarkadako lanbideak izango dira hizpide Elorrioko San Agustin Etxebarria auzoan zapatuan egingo den Ogibideen Azokaren 10. edizioan.
Olazar auzo elkarteak Elorrioko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimenak, migrazio eta industrializazio garaietan murgiltzeko aukera emango die bertaratzen direnei.
Goizeko 11:00etatik 14:30era egingo den ekimenean kanpai joleak, sasoiko eskolaren errekreazioa edo animazioa izango dira. Gainera, ogibide desberdinen tailerrak egongo dira, eta bisitariek eztigilea, sagardogilea, zapataria, telarra edo jostunaren teknikak ezagutzeko aukera izango dute.
Goizean zehar, bertan erreko den txerri dastatzeko aukera egongo da, baita tabernan eskuragai egongo diren edariekin laguntzeko.
‘Trenak ekarritakoak’, gaur ikusgai
Bestalde, Ogibideen Azokaren testuinguruan, Txelu Angoitia argazkilariak egindako ‘Trenak Ekarritakoak’ dokumentala eskainiko da gaur, arratsaldeko 19.00etan, Iturri Kultur Etxeko areto nagusian.
Ikus-entzunezkoak, 1950 eta 1970 bitartean Andaluziatik, Gaztelatik, Extremaduratik eta Galiziatik Durangora iritsi ziren ehunka pertsonen testigantzak eta bizipenak jasotzen dira.