Mallabiak eta mallabitarrek Inauteri ospakizunak berreskuratuko dituzte aurten eta Udalak antolatutako egitaraua zapatutik martitzenera garatuko da. Programazioan, musika ekitaldiak, pelota partidak eta mozorro lehiaketa nabarmenduko dira.
Prestatutako egitaraua barikuan, hilak 26, hasiko da 17:00etatik aurrera jokatuko diren Emakumezkoen Elite Paleta Goma Txapelketako finalerdiekin. 19:00etan txitxiburduntzia egingo dute. Iluntzeko 20:00etan hasita, Gauargi taldeak girotutako mozorro-erromeria egongo da parkean 22:30ak arte.
Eskolarteko gomazko paleta partidek emango dio hasiera 10:30ean domekako egitarauari. Egunean zehar, ‘Superigandeak’ ospatuko dituzte, 11.00etan eskolan egingo diren jolasekin eta 16:30ean kontzejuzarrean egongo den zine emanaldiarekin.
Martitzena, Karnabal eguna, Txoborro Magoak 14:30ean eskolan eskainiko duen saioarekin abiatuko da. 16:30ean txokolatada izango da frontoian Oihan Vega DJak girotuta eta ekitaldia 20:30ak arte iraungo du.
18:30ean Playback eta mozorro lehiaketa abiatuko da eta bakarka edo taldeka arituko diren partaideek abesti bakarra aurkeztu ahal izango dute. Lehiaketak, 30 eta 200 euro bitarteko zortzi truke txartel banatuko ditu. Helduen lehiaketak 60 eroko diru saria emango dio etxeko arropa zaharrekin egindako mozorro onenari.