
Oihana Azkorbebetitia korrikalari abadiñarrak hirugarren postuan amaitu du 2019ko Kilometro Bertikalen Munduko Kopa, 313 puntu eskuratuta. Proba horren egutegiari amaiera eman zion lasterketa atzo jokatu zen Frantziako Alpeetako Gran Serren eta bertan zazpigarren postuan sailkatu zen.
Munduko Kopari amaiera eman zion proba Cholongue herrixkan jokatu zen eta egutegiko zortzi proben arteko gogorrena zen. Izan ere, korrikalariek bete behar zuten ibilbidea 1,8 kilometrokoa zen, 1.141 metroko altueratik 2.141 metrora, tarteko %71eko penditzako maldekin.
Azkorbebeitiak 41:50:523 denborarekin amaitu zuen lasterketa eta irabazlea Axelle Gachet-Mollaret frantziarra izan zen, inoiz egin den marka onena lortuta, 34:01.373 denborarekin lortu baitzuen proba amaitzea.
Kilometro Bertikalen Munduko Kopa berriz, Jessica Pardin frantziarrak irabazi du 560 puntu bilduta eta bigarren postua Yuri Yoshizumi japoniarrarentzat izan da 332punturekin. Pardinek zein Yoshizumik, Munduko Kopako egutegia osatzen zuten zortzi lasterketatik bost probatan lehiatu ziren, hau da, bakoitzak Azkorbebeitia baino proba bat gehiago korritu zuen.
Mendiko korrikalari abadiñarrak lehen postua lortu zuen apirilaren 20an Munduko Kopari hasiera eman zion Japoniak korritutako Mt. Awa Vertical Kilometerren; bigarrena izan zen uztailaren 27an Italiako BEI K3n eta hirugarren postuan amaitu zuen abuztuaren 1ean Norvegiako Sea to Summit Blåmann Verticalean.