
Amorebieta-Etxanoko Udalak irakurraldi jarraitua antolatuko du aurten ere Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Abenduaren 1ean egingo den ekitaldian Oihane Amantegi zornotzarraren ‘Ibaiertzeko ipuina’ irakurriko da.
Irakurraldia Zelaietako auditoriumean egingo da, arratsaldeko 17:30etik 19:30era. Ekitaldiak bi ordu eskas iraungo ditu eta antolatzaileen arabera “75 partehartzaile beharko dira liburuaren ataltxo bat irakurtzeko”. Ez dago adin mugarik, gaztetxoek zein helduek parte har dezakete.
Parte hartu nahi dutenek euskara@amorebieta.eus helbidera idatzi beharko dute azaroaren 21a baino lehen.
Udaleko Euskara Zerbitzuak iaz antolatu zuen lehen aldiz irakurraldi jarraitua. Orduan Amets Arzallusen ‘Miñan’ liburua irakurri zen, eta jasotako erantzun beroa ikusi eta gero, aurten ekitaldia berriz antolatzea erabaki dute.