
Aurtengo Gabonak “pandemiak eta osasun eta segurtasun neurriak bete beharrak markatuta” egongo badira ere, Elorrioko kaleetan ibiliko dira Olentzero eta Mari Domingi “umeek euren etxeetatik ikusi ahal ditzaten”, Udaletxeko arduradunek adierazi dutenez.
Ezohiko urte honetan ezohiko saioa burutuko dute Gabonei hasiera ematen dioten protagonistak, traktorean joango direlako eta ez dutelako geldialdirik egingo. “Aurtengo ekimena ez da aurreko urteetakoa bezalakoa izango. Ez gara plazan elkartuko. Aurten denok geure etxeetan itxaron beharko diegu, leihoetan eta balkoietan, edo espaloietan, kalean bagaude, eta horrela agurtuko ditugu. Ez da kalejira bat, ez desfile bat, ez harrera-ekitaldi bat izango, eta ez da kontakturik egongo”, Julene Lazkano Jai, Kultura eta Gazteria zinegotziaren esanetan.
Ekimen horren helburua “umeen ilusioa bizirik mantentzea da, eta horretarako familien erantzukizuna eskatzen dugu, egun horretan balkoiak eta leihoak ilusioz eta alaitasunez bete daitezen”, Maria Herrero alkateordearen arabera. Horregatik, eta bizi dugun egoera kontuan hartuta, “Olentzero eta Mari Domingi igarotzen direnean eurengana ez joateko” eskatu du.
Olentzero eta Mari Domingi “oso pozik” daude Gabonak datozelako, baina “aurten elkar besarkatu eta zuen nahiak entzun ezin izango ditugun arren, beste modu bateko proposamena daukagu”, aurreratu dute Olentzerok eta Mari Domingik.
Ekitaldi horretaz gain, umeei eta gazteei zuzendutako hainbat agerraldi prestatu ditu Arriola Antzokiak Gabonetarako, abenduaren 29ra arte antzerkia, musika, ipuin kontaketa, dantza emanaldia eta zinea eskainiko baitira. “Gabonez gozatzera animatu gura ditugu herritarrak, ilusioz beteta, baina modu seguruan, Gabonetako programako emanaldiak ikustera joanez”, Lazkanoren esanetan.
Arriola Antzokiko Gabonetako Programazioa:
Abenduak 13, igandea, 16:00etan antzerki familiarra
‘Tartalo’ Logela Multimedia (Elorrio)
Sarrera: 5€ Bazkideak: 3,50€
Abenduak 20, igandea, 16:00etan zinea (denontzat / 85min.)
‘Bayala, una aventura mágica’
Sarrera: 4€ Bazkideak: 3€
Abenduak 23, asteazkena, 12:30ean. Zinea DBHko ikasleentzat:
‘La inocencia’
Sarrera: 2€
Abenduak 23, asteazkena, 17:00etan. Antzerkia (+3 urte)
‘Olentzeroren gutunak’ Deabru Beltzak
Sarrera: 2€
Abenduak 27, igandea, 16:00etan. Ipuin kontaketa eta margoa zuzenean (+4 urte)
‘Izarretako lore’
Sarrera: 2€
Abenduak 29, asteazkena, 17:00etan. Animazioa (musika, jolasa, dantza) / 60 min.
‘Dibertidanza’ Deabru Beltzak
Sarrera: 2€