Gerediaga Elkarteak, Ametx erakunde autonomoak, Durangaldeko hainbat udalek eta erakundeek eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldien hainbat saio egongo dira eskualdean urrian zehar. ‘Ondarea, emakumeen emaria’ izenburuarekin burutuko den 18. edizioak “Bizkaian emakumeek eduki duten protagonismoa” nabarmendu nahi du.
Irailaren 24tik urriaren 10era arte Zornotzako Zelaieta Zentroan ikusgai egongo den ‘Emakumeen lanbideak’ erakusketarekin abiatu da eskualdean Ondarearen Europako Jardunaldien egitaraua.
Iragarritako lehenengo ekitaldia areto berean eguenean, hilak 4, izango den ‘Emakumeak frankismoan’ solasaldia izango da. Arratsaldeko 19:30ean hasiko den saioan, izenburu bereko ikerketa egin duen Erika Uranga zornotzarra mintatuko da, ‘Sección Femenina’ erakundea, Gizarte Zerbitzua edo San Millán landetxearen inguruan, besteak beste.
Zornotzan prestatutako ekitaldiak urriaren 11n egongo den mintzaldiarekin osotuko dira. Arratsaldeko 19:30ean Ascension Badiolak ‘Amorebietako emakume espetxea’ izenburua duen hitzaldia eskainiko du Zelaieta Zentroan.
Gerediaga elkarteak hamar ekitaldi antolatu ditu Durangaldeko zenbait herritan eta lehenengoak asteburu honetan izango dira Zaldibarren eta Garain. Toti Martinez de Lezea idazlea egongo da zapatuan, arratsaldeko 17:00etan, Zaldibarko plazan ‘Emakumea naiz’ izenburu duen elkarrizketan parte hartzeko.
Domekako protagonista berriz, Pilar de Zubiaurre piano-jotzailea, idazlea eta arte-merkataria izango da. Garain egingo diren bisitaldi gidatuetan emakumeen aintzatespena lortzeko lan egin zuen Zubiaurreren nondik norakoak ezagutzeko aukera egongo da. Bisitaldiak 10:30ean gaztelaniaz eta 12:00etan euskaraz izango dira, Udaletxeko plazatik abiatuta.
Kepa Junkera eta Sorginak
‘Sorginen azken hegaldiaren itzalera’ izenburua duen solasaldia eskainiko dute Belen Bengoetxea historialariak eta Jon Irazabal Gerediagako ikertzaileak urriaren 19an, 19:00etan, Gerediagako foru-landan. Ekitaldia, Kepa Junkera trikitilariak Sorginak taldearekin batera eskainiko duten saioarekin osatuko da.
Izurtzan eta Mañarian izango dira hurrengo eguneko ekitaldiak, hilak 20. Izurtzan, ‘Emakumeak baserrien arima’ deituriko bisita gidatuak egongo dira goizeko 10:30ean euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Mañarian, ‘Errose Bustinzaren ipuinak eta bideko istorioak’ izenburua duten bisitaldi gidatuak antolatu dira, 16:30ean gaztelaniaz eta 18:00etan euskaraz, eta arratsaldeko 19:00etan organo-kontzertua egongo da.
Domekan, urriak 21, ‘Emakume eta baserrietako lanak’ izenburuko bisita gidatuak egongo dira Iurretan, ustiategi ekologikoa eta okindegi ekologiko bat ezagutuz, 10:30ean euskeraz eta 12:30ean gaztelaniaz.
Berrizko markesa
‘Emakumeak palazioan eta komentuan. Berrizko markesa eta Margarita Maturana’ izenburua duen bisita gidatuak izango dira Berrizen urriaren 27an, 10:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Mallabian berriz, ‘Emakumeak, baserritik palazioara’ deituriko jardunaldia izango dute egun berean, 16:00etan gaztelaniaz eta 18:00etan euskaraz.
‘Izenik gabeko emakumeen historia’ izango dute izenburu Otxandion urriaren 28an, 10:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz egongo diren bisita gidatuek.
Elorrion, urriaren 13an, 20an eta 27an, 11:00etan abiatuta, ‘Ahoz-aho. Emakumeek konta diezazutela.’ paseo gidatuak egingo dira, Doriren errota, Mari Feliren ortua, Bereren baserria eta Silviaren liho putzuek ezagutuz.
Urkiolako Parketxeak ‘Mari zaharraren bila’ deituriko mendi ibilbidea antolatu du urriaren 20rako. Ibilbidea Arrazolatik abiatuko 9:30ean.
Otzaragintza eta ehungintza
Durangoko Turismo Bulegoak otzaragintza eta ehungintza tailerrak antolatu ditu urriaren 20, 21, 27 eta 28rako. ‘Bizia ehuntzen’ izenburua duen ekimena Kurutzesantu Museotik abiatuko da Olga Uriberen eta Bea Unzuetaren artisau lana ezagutzeko.
Durangoko Arte eta Historia Museoak berriz, ‘Emakumeak eta erlijiozaletasuna XV. mendean’ deituriko hitzaldi zikloa antolatu du. Ander Berrojalbizek eskainiko dituen hitzaldietan ‘Durangoko frantziskotar beaten fede profesio formula. Heresiari lotutako euskarazko testu arkaikoa?’ (urriak 17); ‘El culto a los difuntos. Vestigios paganos en un rito protagonizado por mujeres’ (urriak 24) eta ‘La hija de los herejes’ (urriak 31) gaiak izango dira hizpide.
Durangoko Udaleko Berdinatasun sailak ‘Bizkaiko eta Durangaldeko emakumeen lanbideak, ogibideak eta zereginak’ argazki-erakusketa eta mintzaldia antolatu du urriaren 25erako (19:00oetan) Andragunean. Solaskidea Karmele Zarraga izango da, ‘Profesiones, oficios y tareas de las mujeres en Bizkaia. Imágenes de ayer y hoy’ liburaren egilekidea.