2024-2025 ikasturteari hasiera eman berri diogu egunotan. Lagun zaharrak agurtzeko irrika, ikaskide berriak ezagutzeko jakin mina, batzuen urduritasunak eta beste batzuen algarak, gure ikastetxeko jolastoki, zelai, pasabide eta gelak burrundara eta mugimenduz bete zaizkigu.
Egun bereziak dira hasierakoak, bereziak bezain garrantzitsuak hezkuntza elkartea osatzen dugun irakasle, guraso eta bereziki ikasleontzat. Ikasturte berriak erronka zein itxaropen, zalantzak, ardurak eta askotan beldurrak ere dakartza tartean. Eta horregatik deritzogu berebiziko garrantzia dutela neska–mutilak eskolaratzen direneko hasierako egun hauek tentu eta mimo handiz prestatzea.
Aurten ere 30 inguru izan dira DBH eta BATX-era etorri diren ikasle berriak, Durangaldekoak gehienak. Neska-mutil hauek eskolan gustura egokitu daitezen momentura arteko taldekatzeak birmoldatu behar izan ditugu eta talde berriak osatu. Hori dela eta, kurtsoko jarduera arruntaz hasi aurretik IKKI (Ikasteko Kooperatu/kooperatzen ikasi) programaz baliatu gara ikasgeletako talde berriak kohesionatzeko, taldean lan egiteko prestatzeko, kooperaziorako jarrera hartu dezaten eta pixkanaka ikasketa komunitate txiki bat bilaka daitezen.
Ez da txikia gure buruari jarritako erronka, ikasketa komunitate txikiak sortzea gure ikasgela guztietan. Horretarako honako urrats hauek lantzea ezinbestekoa ikusten dugu:
- Ikasgelako ikasle guztien parte-hartzea sustatu eta hartzen diren erabakien partaide bihurtu.
- Elkar ezagutu eta harreman positiboak eta laguntasunekoak landu talde txiki zein handia osatzen duten ikasleen artean.
- Elkar ezagutu eta harreman positiboak eta laguntasunekoak landu ikasle guztien artean, duten gaitasun edo jatorriari erreparatu gabe, hori aberasgarria gerta baitaiteke.
- Taldean lan egiteko gogoa eta talde-lana egungo gizartearentzat garrantzitsutzat eta lan indibiduala baino eraginkorragotzat jotzea.
- Elkartasunerako, elkarri laguntzeko, desberdintasunengatiko errespeturako eta elkarbizitzarako gogoa piztu eta sustatu.
Lehen astea eman dugu harrera egunetarako dinamikak lantzen. Ikasleen tutore eta irakasleen elkar ekintzari esker hainbat izan dira egindako jolas, erronka eta irteerak. Norbaitek pentsa lezake eskolara horrela hastea denbora galtzea dela. Guk kontrakoa deritzogu.
Egun hauetan jartzen baititugu sustraiak taldea osatzen duten ikasle horiengana era pertsonalizatuan hurbildu ahal izateko, ikasleek beraien autonomia edo beregaintasunean sinets dezaten eta garrantzitsuena: Gurean ez du irakasleak bakarrik irakasten, Jesuitak ikastetxean Ikasle eta irakasleok elkarri irakasten diogu. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dugu.