Falcones detektibea Bilboko
Somera kaleko bere bulegoan
zegoen egunkariari begira. Jada
aste batzuk eman zituen telefono
dei bat itxaroten bulego zahar
hartan. Kasu berri baten zain
jarraitzen zuen, aurpegian zimur
franko bazituen ere, erretiroa
hartzeko goizegi zelako.
Falconesek hamarkada batzuk
lehenago telefonoz jasotzen zituen
enkarguak. Kasu gehienak ahoz-
ahokoari esker lortzen zituen.
Lagun batek ezagun bati ematen
zion Falconesek egiten zuen
lanaren berri, eta erreputazioa
irabazi zuen hiriburuan.
Detektibeari
“Coyote” ezizena jarri
zioten Bizkaiko hiriburuko bazterrik
ilunenetan. Gabardina jantzi,
zigarroa piztu eta egunik
lorrinenetan ere kalera ateratzea
gustatzen zitzaion, arrastoaren
atzetik. Baina Bilbo erabat aldatu
zen azkenaldi hartan, bazter
ilunetan gertatutakoak gero eta
gutxiago ziren, bazter ilunak ere
gutxiago zirelako. Garai berrietara
egokitzeko arazoak izan zituen
Falconesek. Bulegoko ordenagailua
piztu orduko makinako hiru kafe
ere edanda izan ohi zituen eta
munduaren berri egunkariari esker
izaten jarraitzen zuen. Ohitura
zaharrak gordetzekoa zen.
Otsaileko astelehen goiz
hartan, Falconesen bulegoko
telefonoak jo zuen. Detektibeak
Ertzaintzaren prentsa bulegoan
zeukan kontaktu baten deia
zen.
– Coyote, entzun, zuretzako
kasu interesgarria daukat –
hasi zen hizketan -, pertsona
baten hezurrak aurkitu zituzten
atzo eguerdian
Abadiñon.
– Eta norenak dira? –
Galdetu zuen detektibeak.
– Motel! Horretarako deitzen
dizut zuri, kasua hartu eta zure
kabuz ikertu dezazun.
– Nire kabuz? Abadiñora
joateko kotxea saltzea gura duzu
gasolina erosteko ala!
– Joan zaitez atoan Atxurira,
trena hartu eta Matienako geltokira
etorri – azaldu zion
kazetariak –, hemendik
gertu bizi den baserritar zahar
batek zurekin hitz egin gura
du.
– Ez du ba Ertzaintzak argituko
katramila hori?
– Ezetz esan dit baserritarrak.
Ertzaintzari ez zaiola egia jakitea
komeni. Aspaldidanik omen daki
hobi komunak Durangaldeko auzo
gehienetan daudela eta ez du inoiz
ezer egin. Falcones, kontu honek
itxura hona dauka!
– Hobi komunak, noizkoak?
Nor da ba baserritar hori?
– Hobi horiek non dauden
dakien bat omen da, baina etorri
zaitez eta zuk zeuk ikertu kasua.
Etorri arin! – bukatu zuen
elkarrizketa Falconesen
kontaktuak.
Detektibeak gabardina hartu
eta Atxurira jo zuen. “Joder,
beste behin, fikzio honek
errealitatea gainditu du,
motel!” esan zion bere
buruari.
Pertsona baten eskeleto
zaharra Matienako tren geltokiaren
alboan. Horixe hasiera
interesgarria fikziozko nobela
idazteko!