Otsailaren 6a ablazioaren aurkako nazioarteko eguna dugu. Milioka emakumek jasaten duten mutilazioa gogoratzeko eguna. Izan ere, 200 milioi emakumeri erauzi dizkiete genitalak eta munduko 30 herrialdetan da indarrean ablazioa. Esate baterako, Indonesian, Egipton eta Ethiopian ablazioa jasan duten 44 milioi neska eta emakume bizi dira. Kopuru ikaragarria.
Zoritxarrez, kanpo herrietan ez eze, gure inguruan ere ablazioa jasandako hainbat neskato eta andra ditugu. Oraintsu jakin diren datuen arabera, 1.000 neskato inguru daude ablazioa jasateko arriskuan Euskal Autonomia Ekidegoan, gure etxetik hurbil.
Eusko Jaurlaritzak ablazioari aurrea hartzeko protokoloa du mutilazio hauek ekiditeko. Besteak beste, Prebentzioko Konpromisoaren orria sinarazten diete neskatoen tutoreei, jaioterrira joatekotan mutilaziorik ez egiteko konpromisoa har dezaten. Halere, oporretan euren herrialdera joandako hainbat neskato etortzen dira mutilatuta.
Jakin badakigu ablazioak eragindako kalteak asko eta ikaragarriak direla, bai osasunaren aldetik, baita psikologikoki ere. Entzutea besterik ez dago “La ablación gritos de dolor en silencio” bideoan, ablazioa jasandako neska baten azalpena.
Gizarte eredu patriarkalean ablazioa emakumea menderatzeko modu bat da, sexualitatea kontrolatzeko era bat, nik uste. Mendez mende errotu da eta nekez lortuko da baztertzea. Halere, itxaropena badut ablazioa pairatu duten emakumeengan. Haietako asko aitzindari bihurtu dira ablazioaren kontrako borrokan. Ikustea besterik ez dago “Flor del desierto” filma eta Waris Sirie modeloak egindako adierazpena.
Ildo beetik, oraintsu, ablaziotik ihesi, Boli Kostatik (Costa de Marfil) Europara bidean, itsasoan erreskatu dituzten 5 adingabeen kasuak ere ikara eta itxaropena sortzen du. 5.600 km. egin dituzte neskatoek. 16 urteko Dumbia, bere lau ahizpekin, ablaziotik ihes egitea erabakita abiatu zen bere jaioterritik. Ez baitzuen mutilazio mingarria onartzeko asmorik.
Nire iritziz, ablazioa giza eskubideen urraketa larria da. Guztiok egin behar dugu ahalegina behin betiko desager dadin. Osasun arlotik zein eskolatik ahal dugun guztia egin behar dugu, beti ere, mutilazio hau sufritzen eta egiten duten herrialdeetako emakumeei entzunez, ablazioak dituen kalteen berri zehatza emanez eta, patriarkatuak ezarritako eta asmatutako mitoetatik eta ablazioaren tradiziotik ihes egiten lagunduz.
Otsailaren 6an eta beti MUTILAZIO GENITALIK EZ