Batzuek ezker eta eskumarekin duten nahasmen bera dut nik urtean bitan egiten dugun ordu aldaketarekin. Eskerrak eskuko telefonoek eta ordenagailuek aldaketa hori automatikoki egiten dutela! Gure etxean, erloju guztien arduraduna falta denetik ordu erdiko eztabaida ez zaigu inoiz falta, udazken eta udaberriko ordu aldaketa egiteko orduan. Nik dakidan gauza bakarra da gaurko iluntzea atzo baino lehenago iritsiko zaigula, eta argi faltarekin tristeziak errazago harrapatuko nauela.
Diotenez, goizaldeko 2 edo 3etan estreinatu dugun ordutegia da naturalena. Hala omen. Uda partean lanean egiten dugun ordutegiarekin bezala, udazkenetan aurkitzen gara urteko sasoirik beroenari agur esateko momentuan, urte osorako nahi genukeen bizimoduari ???hurrengora arte??? esateko garaian. Hotza, hezea eta ordutegi estuak besarkatzeko aldian. Besarka ditzagun beraz, hurrengo udaberria bueltatuko delako esperoan.
William Willet ingelesa izan omen zen, 1905 urtean, goizero gosaldu baino lehen ematen zuen ibilalditxoan ordu aldaketaren ideiaz hausnartu zuen lehena. Batek daki hori egia ote den, historian behintzat izen hori geratu da. Historia horren arabera behintzat, Willet jauna orduan konturatu zen hainbatek lo egiten zutela egun zatirik onenean, beste gauza batzuk egiteko aprobetxatu beharko liratekeen orduetan. Ordutik aurrera, bere hasierako ideia garatzen joan zen, eta Europako eta munduko hainbat herrialdetan hasi zen aplikatzen.
Hainbatetan entzun dugu argindarra aurreztearren egiten dela eta egiaztatuta geratu dela aurrezki hori ematen dela. Nik ez dut horren argi. Estatuko IDAE erakundeak eginiko azterketen arabera, ordutegi aldaketa egiten den hilabeteetan, etxeetan % 5eko aurrezkia gertatzen da. Datu hori zenbakietara eraman dute eta ondorio modura esan dute aurrezkia osotara 60 milioi eurotara hel daitekeela.
Dena dela, erakunde eta aditu batzuk badaude neurri horren balizko onurak zalantzan jartzen dituztenak. Hauetako ezagunenetakoa den WWF Gobernuz Kanpoko Erakunde Ekologistak ezarri du ordu aldaketa horrek inolako aurrezkirik eragiten ez duela. Halako helbururik betetzekotan, aldaketak ohituretan egin beharko liratekeelakoan.
Georgios Tragopoulos, WWF erakunde honetako teknikariaren esanetan ???azterketa asko egin dira eraginkortasun hori auzitan jartzen dutenak???. Baieztapen hori azaltzeko esan duenez ???Udazkeneko ordua aldatzean, iluntzea goizago heltzen da eta goizean aurreztu dugun argindar ordu bete gehiago behar dugu gauean; eta beraz, aurrezkia ezerezean geratzen da???.
Aldeko zein kontrako arrazoiak egongo dira beti, gauza bat eta bere kontrakoa defendatzeko edo arbuiatzeko; baina, errealitatea da berez inposatuko zaiguna. Hurrengo hiletan, gauez esnatu eta gauez etxeratuko gara gehienok. Eguerdiko eguzkia desertuko ura bailitzan hartuko dugu, eta itxaropenez beteta gogoratuko dugu Santa Luzia egunean eguna hazten eta gaua laburtzen dela esaten duen esaera zaharra.