Gerra Zibilak aztarna handia utzi zuen nire
arbasoengan; aztarna horretatik apurrak baino
ez zaizkit heldu niri. Sentsazio hori daukat
behinik-behin.
Espainiako Gerra Zibilaz ezer gutxi kontatu
didate; galdetu ere, gutxi galdetuko nuen,
nonbait. Baina, luzea egin zaidan nerabetasun-
garaikide hau igarotzen ari naiz, apurka-apurka,
eta azkenaldian jakiteko gogoa hazten ari zait.
Aitite biak hilda daude jada. Bata, Bermeon
jaioa, 16 urte zituela Bilbora joan zen, harakin
aprendiz. Hantxe harrapatu omen zuen
Francoren altxamenduak. Aitak egun hauetan
azaldu didanez, ANV-koa ei zen, baina ziurtasun
handirik gabe bota dit. Lehengusuak, aldiz, aitite
jeltzale petoa zela, eta Itxarkundia batailoian
borrokatu zuela esana dit behin baino
gehiagotan. Gerra ostean, “gudari”
ezizenez ezagutzen zuten Bermeon.
Gaur egun ulertezina egiten zait pentsatzea
nire aitak hain lauso izatea gure aititeren
bizitzaren pasarte hura. Duda barik, aitite eta
amamak bizi izan zuten garai traumatikoena
izango zen, eta hala ere, euren buruetatik,
euren elkarrizketetatik, euren azaleko Historiatik
ezabatu moduan egin zuten.
Beste aitite Burgostik etorri zen Euskal
Herrira gaztaroan, igeltsero moduan lan egitera.
Ingurukoei galdetu diedan bakoitzean ez dut
informazio askorik jaso. Francoren tropekin
borrokatu zuela badakit. Ume nintzenean berari
ere galdetzen nion, eta gerran ere igeltsero gisa
aritu zela esaten zidan.
Gertu baino gertuago izan ditut bi aldeak, bi
ikuspegiak, bi sentimenduak. Eta hala ere, ez
daukat informazio zehatzik; beharbada, ez
daukat egiarik ere. Isiltasuna nagusi.
Eskertzekoa da, isiltasun hori gainditzeko
Gerediaga elkarteak eta beste elkarte askok
egiten duten lana. Bada garaia, jakin nahi
duenari jakin mina asetzeko.