Ama, zein berba labur eta betea. Orain dela 43 urte izan nintzen lehenengoz ama. Erabaki ausart bezain ederra. Erditzeaz eta amatasunaz gogoeta egiten ari nintzen bitartean, Irune Costumero izeneko beste ama bat, Lege Biltzarrean zen berba hauek esaten: Alabari eta amengandik lapurtutako haur guztiei ahotsa jartzeko nago hemen, existitzen ez den sindrome bat, Guraso Alienazio Sindromea, leporatuta.
Harrezkero, berba horien durundia eta alaba berreskuratzeko borrokan dabilen amaren samina ezin ditut burutik kendu. Oinarri zientifikorik ez duen «Gurasoen Alienazio Sindromea» (GAS) aitzakiatzat hartuta, alaba kendu zioten amaren sufrimendua norainokoa izan daitekeen pentsatzeak itolarria sortzen dit.
Izan ere, gutariko asko oporretan geundenean, 2017ko abuztuaren 4an, kendu zioten besoetatik Iruneri 5 urteko alaba Foru Aldundikoek. Iruneren hitzetan: Azalpenik eman gabe deitu ziguten bertaratzeko, eta hamar pertsonez osatutako segizio batek eraman zuen alaba, tartean ertzainak eta poliziak zirela, borra eta guzti.
Jakin banekien patriarkatuak hatzapar luzeak dituela, baina hain bihotzbakoak zirenik ez nukeen pentsatuko. Soka baina, uste baino luzeago da. Guzti honen oinarrian Irurenen alabak aitarengandik jasandako tratu txarrengatiko salaketa dago. Datuen arabera, hiru bider zabaldu zioten aitari alabaren aurkako tratu txar protokoloa Gurutzetako ospitalean.
Halere, Aldundikoek umeak aitarengandik jasotako tratu txarrak aztertu beharrean, umea manipulatuta egon daitekeen Gurasoen Alienazio Sindromea deritzon kontzeptu abstraktua eta oinarri zientifikorik gabekoa aplikatuz, ama-alabak banandu egin zituzten, kupida gabe. 5 hilabetez egon zen Irune alaba ikusi barik. Gaur egun ere ordu beteko bisitatan bakarrik ikusten du. Aittitte-amamek berriz, ezin izan dute tarte luze honetan umea ikusi.
Oztopoak-oztopo, Irune ez du bere sufrikarioak isildu. Amatasunak eman dion indarra baliatuz eta bere kasuan muga guztiak gainditu direla sinestuta, Aldundiko Umeen Zerbitzuko lau langile, horien artean Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillo, epailearen aurrera eramatea lortu du. Ekainaren 7, 8 eta 9an izango den epaiketan prebarikazioa, tratu txarrak eta min psikologikoengatik epaituko dituzte auziperatuak.
Inork ezingo dizkie ama-alabei lapurtutako urteak itzuli, baina Arratiako Mugimendu Feministaren deiarekin bat eginez, Irune Costumeroren alaba amagaz Igorrera aldarrikatzeko, Bilboko epaitegi aurrean kontzentratuko gara epaiketa egun horietan, goizeko 9etan. Ea, denon artean, albait arinen, Zergatik ezin naiz amatxurekin egon galderari buelta ematea lortzen dugun.