Bai, bai, ez naz erratu. Baten
bateri arraro edo ezegoki irudituko
jakon arren, maiatzaren lehen
igande honetan, gaur dogu
amamaren eguna, eta inguruan
doguzan amamak zoriontzea
merezi dau. Ez neuke aititerik
baztertu gura, baina ari garen
honetan behintzat, momentuz,
amama da protagonista. Egiazko
bardintasunerako bidean sinisten
dogunok itxaropenez espero dogu
amama/aitite edo ama/aita
kontzeptu bardin eta bardintzaileak
izango diran eguna.
Leku guztietan ikusiko dozuez,
eta orain arte konturatu ez
bazarie, ondo begiratu eta
multzoka agertuko jatzuez begien
aurrean. Eskolarako orduan,
eskolak amaitzen diranean,
parkeetan, merienda orduan…
Ohitu nazen arren, oraindik be
harridurea eta miresmena
sortarazoten deuste amamek
prestatzen dabezan askaritxuak. Ni
neu, ama izanik be, sekula ez dot
amamak prestatutakoaren erdira
heldu. Beste belaunaldikoa
nazalako agian, burua etxean eta
etxetik kanpoko jardunean banatu
behar dodalako agian.
Beste molde, beste usadio eta
egiteko beste moduak dira.
Egia da, gaur bestela bizi gareala,
eta makina batzuek lanetan
laguntzen deuskuen arren, atazak
eta ardureak biderkatu egin jakuz,
eta makinek arinago bizitzera
eroan gaitue. Horregatik be,
amamaren zopa beti gozoagoa,
amamak adabakiagaz
konpondutako praka beti
itxurosoagoa, eta katarroak
arinago eta hobeto sendatzen dira
amamaren altzoan.
Amaren eguna jarri zanean be,
suposau egiten dot amaren
arreta, maitasun eta atentzinoa
saritzeko edo eskertzeko
egin zala. Batzuek uste
dabe eguna jartzeagaz nahiko
egiten dala. Loreak eskeini edo
oparitxua egin eta kito!!!. Txarrena
da amamarena, nahiko daualako
ohetik altxatu barri emoten dan
mosu gozoagaz, hazurrak
kras-kras egiteraino emoten dan
besarkada beroagaz.
Ni neu, ama izanik be, amama
guztiei eskeini gura deutset
egun hau. Eta, bide batez,
bizitzaren mastari ondo ebatuta
dagozan birramama danei be. Ama
izan zineen zeuon garaian, eta
oraindik be, zuek barik
ondo galduta egongo
ginateke milaka ume, ama eta
aita…
Esker mila eskolarako bidean
jartzen gaituzuelako,
gaixotasunean besoetan
izan gaituzuelako, hainbatetan
lagunarteko karta-jokoa gugaitik
baztertu egin dozuelako, lan egun
amaibakoetan txikiak zaintzen eta
jagoten dozuezalako… gurasooi jai
eta ospakizunetarako beta, eta
lanean jarraitzeko aukerea emoten
deuskuzuelako.
Bizitzak aukerea emongo
baleust, neuk be gurako
neuke inoiz amama izatera heldu.
Maitasun neurribakoa emoten
jarraituko dot baina adinagaz
etortzea espero dodan
nasaitasunagaz, adats urdinduak
ekarriko deusten ikuspuntuagaz,
prisa gitxiagogaz eta garrantzirik
bakoak guztiz alboratuta. Beste
lekura joan aurretik, mundu
honetako gauza guztiak bertan
itxita biziko naz. Gure Pantxike
Jaiok esaten eban moduan: joan
aurretik emon behar da, joan
ostean ez dalako emotea;
ezer izatekotan, uztea baino ez
litzateke izango.
Eskerrik asko zuri!
No comment! Eskerrik asko, karmele!