Tresna interesgarri bat sortzen dihardute Oihana Etxebarrieta eta Eider Olazar gazteek. Albisteetan emakume protagonisten falta igarrita, emakume adituen agenda digitala osatzen hasi dira, oraintsu BERRIA egunkariaren beka lortuta.
Gazte bion helburua gaur egun komunikabideetan emakumeek duten presentzia gehitzea da eta aipatutako agenda kazetaritzarako tresna beharrezkotzat jotzen dute. Agenda hori euskaraz izango da eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako emakumeak bilduko ditu. Bide batez, tresna horrek kontzientziaziorako eta hausnarketarako bide ematea ere nahi dute.
Zenbait arlotan informazioa lantzen laguntzeko aproposak izan daitezkeen emakumeen kontaktuak bildu nahi dituzte. Adituak eta arituak kontzeptuak darabiltzate.Garrantzia bera emango omen diote unibertsitateko fisikako ikerlari bati, edo bizitza guztian sendabelarren inguruan aritu den baserritar bati. Kazetaritzaren ikuspegia zabaltzea ere badute euren helburuetan, orain albisteetan hainbeste lantzen ez diren gaiak eta eremuak erakusteko ere balioko duelakoan daude.
Berri pozgarria zalantza barik. Nire ustez aipatutako agenda digitala tresna baliagarria eta interesgarria izan daiteke. Halere, tresna edukitzea ez da nahikoa izango erabiltzen ez badugu. Jakin badakigu-eta erabili ezik tresnak ugertu egiten direla. Halan da ze, tresna horren erabilera bultzatu beharko da etekina atera nahi bazaio behintzat.
Hasteko emakumeok geure kutxatxotik irteten hasi eta ikasi beharko dugu. Askotan kazetariren bat hurbiltzen zaigunean ???niri ez galdetu, honek erantzungo dizu??? esaten dugu, batez be aldamenekoa gizona denean. Gizonak gu baino ausartagoak izaten dira normalean mikrofono aurrean. Ez da berez gu lotsatiagoak garelako nik uste, emakumeoi ikusezin eta bigarren mailakoak izaten irakatsi digutenez, ikasitakoa jartzen dugu abian, beraz, andreoi badagokigu urrats edo aurrera pausua ematea.
Hedabideetako arduradunek erantzukizun handia dute baina ez dezagun erantzukizun guztia besteen esku utzi. Erantzun diezaiegun kazetariei galdetzen digutenean. Eta jakina, Eider Olazarrek aipatu duen bezala, badugu zer kontatu. Amatasunaz, maitasunaz, edadetasunez, edertasunaz, biolentziaz, matxismoaz, fisikaz, ekonomiaz, nekazaritzaz, pedagogiaz, psikologiaz, arteaz, arkitekturaz, sufrimenduaz zein krisiaz hitz egin dezakegu androk. Hobe ez!
Martxan da web orria. Ondoko helbide honetan eman daiteke izena edota bilatu andra aditu edo aritua: www.gabiltza.eus
Martxan da web orria. Ondoko helbide honetan eman daiteke izena edota bilatu andra aditu edo aritua: www.gabiltza.eus
Oso ekimen interesgarri eta beharrezkoa.
Oso ekimen interesgarri eta beharrezkoa.