Amaitzear dugu urte berezi hau. Urte ezberdina; besarkada bakoa, dantza bakoa, jai bakoa, mosu gutxi eta mosuko askoduna. Nekez ahaztuko dugun urtea.
Arrakalak ageriago utzi dituen urtea. Soldata dutenen eta ez dutenen arteko arrakala. Espazio publiko eta pribatuaren erabileraren arteko arrakala. Sarean ibiltzeko aukera daukatenen eta ez daukatenen arteko arrakala. Etxean laguntza izan duten umeen eta ez dutenen arteko arrakala. Kapitalismoak sortzen dituen arrakalak. Zaintzan aurkitzen ditugun arrakalak. Indarkeriak eragiten dituen arrakalak. Gure gizarteko hainbat esparrutan dagoen genero arrakala; lan merkatuan dagoen genero arrakala, genero arrakala digitala…
Udaberri bako etxealdian izan dugun denbora aprobetxatuz, wikiemakumeok igeltsero lanetan ibili gara eta arrakala batzuk konpontzen saiatu gara. Izan ere, genero arrakala nabaria da wikipedian ere. Emakumeon presentzia ez da %20ra heltzen euskarazko wikipedian. Hango eta hemengo hainbat emakumeren biografiak gehitu ditugun arren, oraindik helburutik urrun gaude. Desoreka ikusteko, Durangaldeko ondorengo datuei begiratu bat ematea besterik ez dago.
Euskarazko Wikipedian azaltzen diren Durangaldeko gizon eta emakumeen datuak:
Nondarrak | Guztira | Gizonezkoak | Andrazkoak |
Abadiñarrak | 37 | 26 | 11 |
Atxondarrak | 8 | 6 | 2 |
Berriztarrak | 20 | 18 | 2 |
Durangarrak | 106 | 73 | 33 |
Elorriarrak | 31 | 20 | 11 |
Ermuarrak | 33 | 20 | 13 |
Garaitarrak | 7 | 6 | 1 |
Iurretarrak | 21 | 17 | 4 |
Izurtzarrak | 3 | 2 | 1 |
Mallabitarrak | 15 | 7 | 8 |
Mañariarrak | 7 | 6 | 1 |
Otxandiarrak | 10 | 9 | 1 |
Zaldibartarrak | 7 | 5 | 2 |
“Izena duen guztia omen da” eta izenik ez duena? “Lo que no se nombra no existe” esaten du sarri nire lagun batek.
Zenbat emakume daude oraindik bistaratu barik? Asko. Merezi duten asko. Lan handia egin edo egiten dutenak eta erreferente izatea merezi duten emakumeak. Guk pandemiak ahalbidetzen badigu elkarrekin jarraituko dugu Durangoko Andragunean wikipedia elikatzen, eskualdeko emakumeak bistaratzen edota beste hizkuntza batzuetan sortuta dauden perfilak itzultzen.
2021eko lehenengo wikisaioa urtarrilaren 15ean izango da. Arratsaldeko 5etatik aurrera. Ateak zabalik daude, aforoa bete arte. Informazio zabalagoa Andragunean edo wikiemakumeokdurango@gmail.com posta bidez. Erdu genero arrakala murriztera.