Urtean behin, nire koadrilak lagun arteko bidai bat prestatzen du. Guztira, lau gara eta urte asko daramatzagu mota honetako txangoak antolatzen. Esango nuke, eta oker ez banabil aurtengoa bostgarrena izan dela. Ez pentsa erraza denik, aurretik lan gogorra egin behar da, euroak aurrezteko. Etxeko ekonomiari kalte handirik ez eragiteko, txinurriak bezala pilaketa lana egin ondoren eta lortzen den diruaren arabera hiri bat aukeratzen da. Ez pentsa, edozein motatako txangoa denik, ez???seme-alaba eta senar barik. Nerabeak bagina bezala sentitzen gara baina egia esan, eguneroko zereginetara oso nekatuta itzultzen gara. Zimur bat edo bi gehiagorekin, gainera. Eta zergatik? Barre egiten delako. Risoterapia intentsibo bat ematen du. Guretzat terapia bat da.
Ekainaren 30a. Eguerdia Madrilen eta 35º gradu. Izerditan eta ohartu gabe, Lesbianen, Gayen eta transexualen eguna zen. Uff! Jendez gainezka zeuden Chueca eta Gran Vía kaleak. Sexu askatasunaren alde lan egiten duten kolektiboetako pertsonak, homosexualak, transexualak eta egoeraren kontzientzia hartutako gizon emakumeak bertan. Azal kolore desberdinetako neska mutilak, gazteak, nagusiak baina guztiak zuten gauza bat amankomunean, askatasuna.
Inor ez zen ezkutatzen eta kolektibo bakoitzak bere aldarrikapenekin azaltzen ziren. Batzuentzat, hizkuntza homofobo, lesfobo eta transfoboa baztertu behar da, eta kolektibo hauen arazoak ezagutarazi. Besteentzat, lesbianak, gay eta transexualak kide aktiboak izan behar dira eta besteentzat, lege baztertzaileak kendu behar dira.
Aldarrikapen guztiak zilegiak dira baina asko dira oraindik ere lortu gabeko gauzak eta horietariko bat aipatu behar dut, nire ustez hezkuntzak azaleratu beharko luke badirela sexu aukera asko, eta guztiak duinak direla. Eskoletan horrelako mezuak zabaldu beharko lirateke eta noski, eliza katolikoak barkamen publikoa eskatu, homosexualen eta transexualen kontra esan dituen guztiengatik.
Asteburua kolorez betea izan da eta datorren urtean auskalo! Ahal bada harrotasunaren eguneko asteburua aukeratuko dugu. Saiakera egingo da, hainbeste kolore eta askatasuna. Uff! Zoragarria izan da. Agian, Bartzelona? Horrela jarraituz gero, mota honetako bidaiak gustokoa duten emakumeentzat bidai agentziaren bat zabal dezakegu. Nork daki? Krisi garaietan imajinazio handia behar da???eta!