Gure gizartea aldatzen doan neurrian geuk ere egokitu beharra dugu, pieza mugitu beharra hain zuzen. Prestakuntza arloa ere ez da hortik libratzen. Zorionez egon badaude aldaketak bultzatzen dituzten pertsonak edota, aipatutako egokitzapenetara begira dauden profesionalak eta ekintzaileak, horietako batzuk Zierbenan aurkitu ditugu.
Bideo-jokoetan espezializatutako unibertsitate dugu Bizkaiko Zierbena herrian. Europan bakarra da oraingoz. DigiPen Institute of Technology da unibertsitate honen izena. Zierbenan ez eze, Estatu Batuetan, Singapur edota Korean ere baditu egoitzak unibertsitate honek. Guztira munduan 1.700 ikasle inguru ditu.
Zierbenako eraikina berria da, 2010ekoa, bertoko arkitektoak diseinatua eta bertoko langileek hemengo zurez egina, goitik behera. Leku paregabean dago, itsasora begira, irudimena lantzeko paraje ezin hobean.
Badu hain ona ez den alde bat ere. Unibertsitate hau pribatua da eta garesti samarra nire ustez, dena den, han ikasten ari diren irudimendun ikasleek erraz lortuko omen dute lana.Izan ere, gaur egungo aisialdian zineari edo musikari baino denbora gehiago eskaintzen die askok bideo-jokoei.
Dena den lanik gabe daudenekin ere gogoratu dira eta aipagarria deritzot une honetan langabezian dauden informatika ingeniariek duten aukerari, doako ikastaroa bat antolatu baitu unibertsitateak beraientzat. Dena ondo badoa martxoan hasiko da ikastaroa eta16 ikaslek izango du ikasteko aukera. Gainera ikastaroa amaitzen dutenen %60k sei hilabeterako lan-hitzarmena izango du. Hau da 10 lan-hitzarmen.
Langabeentzako ikastaro honetan parte hartu ahal izateko unibertsitateko tituluaz gain, ingelesa ere menperatu behar da.Halere ez da aukera makala. Informazio zabalagoa ondorengo helbideetan aurki dezakezue:
https://www.digipen.es/
https://www.digipen.edu/