Gogoan dot aitak esaten euskula pertsona
batzuk barriketa hutsean ibilten zirala beste
ezer egin barik. Horreri berak ez eutson gauza
onik ikusten, gehien bat egintzetan sinisten
ebalako. Urteek aurrera egin ahala neure burua
gero eta aurtenetxeago ikusten dodan arren,
uste horretan ezin dot beragaz bat egin. Hitzak
balio dau, eta ez gitxi, hizkuntza bat
indartzeko erabilten bada.
Etxean egunero egiten dogu motxila
hustutzeko lana eta hamaika ezusteko
aurkitzen doguz lan eguna amaitu eta famili-
denborea hasten dan ordu horretan. Atzokoan
Zornotzako Udal Euskaltegiak botatako eskaria
ekarri eustan semeak Ikastolatik,
”berbetan” izeneko ekimenean
parte hartzeko gonbita zabaldu dabe herritar
guztien artean, gure herrian euskerearen
erabilera suspertzeko asmoagaz.
Ezagun dodaz “mintzalaguna”
eta antzeko ekimenak, Bilbo inguruan hainbat
urtetan ibili nazelako bazkaltzeko
orduan bategaz edo besteagaz alkartzen.
Pertsonen arteko gauza guztietan gertatzen
dan moduan, batzuekaz besteakaz baino
hobeto moldatzen zara, baina danakaz
partekatzen dozu euskerea bizitzako
esparru guztietara zabaltzeko gogoa. Hiru
urtetan lauzpabost mintzalagun ezagutu
nebazan eta horreen artean bat geratu jat
gogoan. Manuel deitzen zan, Madrilgoa zan eta
euskerea Madrilgo Euskal Etxean ezagutu eban
hasiera batean. Bilbora ikasketak amaitzera
etorri eta euskera ikasteko gogoak
eroan eban euskaltegian hastera eta
mintzalaguna egitasmoan parte hartzera.
Horrek euskaldunon jarreraren ganean
hausnartzera eroaten nau sarritan…
Aitortu behar deutsut iluntze
partean derrigorretik kanpo dagozan
holango gonbidapenak eta eskariak
gogorregi egiten jatazala eta ez deutsiedala
kasu handirik egiten. Ordu horreetan nekea
dogu jaun eta jabe. Baina atzokoan ez
dakit nik zer argi piztu jatan eta Manuelen
kemena etorri jatan gogora.
Eta ez hori bakarrik,
Durangonek emoten
deusten aukera hau aprobetxatu gura dot
Zornotzako Euskaltegiak egin deuskun
gonbidapena hemendik ere zabaltzeko.
Aspaldiko partez herri gehienetan (guztietan
esango neuke) hasi dira herritarren eta
euskera ikasleen arteko mintza-taldeak
osatzen, batzuk udal euskaltegiek
antolatuak,beste batzuk AEKko euskaltegiek,
herritar taldeek eta batzuetan udalek
zuzenean. Euskerak euskaldun guztiak
eta esparru guztiak behar ditu. Gogoan
dozue Imanol Urbietaren abestia?
Dakitenek erabiliz, ez dakitenek
ikasiz, herri bat osaturik euskaraz nahi dugu
bizi. Hasi etxetik eta kalera, hasi kaletik eta
etxera…
Portzierto, badakizu domekan Nafarroa
Oinez Elizondon egingo dabela, ez?
Lagunak bisitatzera joango gara gu, irrikan
nago hango harrien gorria,mendien bizia eta
jendearen gozotasuna barriro gozatzeko.