PPko bozeramaile arrek Eusko Legebiltzarrean hitza hartzen duten bakoitzean, nire lankide batek arduraz entzuten ditu. Euren politika neoliberal ultraortodoxoaren diskurtsoak min ematen dio. Eta sufrimenduaren zama arintzeko edo, neure lankideak jarri die ezizen xelebrea: “Hor doa Neoliberalez jauna!”, esaten du eserlekua uzten duten bakoitzean. Beraz, bada PPko gizonei gaineratu ahal zaien beste abizen bat: Neoliberalez.
Homo neoliberalez espeziekoek neoliberalismo erradikala praktikatzen dute, konplexu gabe. PP moduko alderdietan zein Intereconomia bezalako komunikabideetan topatzen ditugu maiz. Konplexu gabe euren ortodoxiaren berri ematen digute eta bide batez, propagandaren teknika bortitzenetako bat ere praktikan jartzen dute: gizakia beldurtu gura dute, arerio politikoaren etorreraren mehatxupean. Euskal Herria Bilduk bere indarra demostratu ostean, lehenengoa izan da oihukatzen “Gorriak datoz! Gorriak datoz!”.
Berriro ere, Basagoiti jaunak aurrea hartu digu. Teknika literarioak ederto menperatzen dituela agerian utzi digu. Alegoria batez, homo neoliberalez batek elikadura subiranotasunaren inguruan egiten duen deskripzioa eman digu (atzo agertu ziren komunikabideetan): elikadura subiranotasuna abian jartzea lortzen badugu, euskaldunak gure artean erailiko omen gara eta ostean, hildakoen gorpuak jango ditugu. Horixe ideia. Eta Basagoitik, irudirik ez zuen kontzeptuari irudia jarri dio, alegoria baten bitartez. Aurrea hartu digu!
Gaur arte elikadura subiranotasuna zer zen ez bagenekien, Basagoiti entzun ostean badugu gure buruan kontzeptuaren zertzelada neoliberal bat. Euskaldun hiltzaile eta antropofagoak gura omen ditugu, non anai batek bestea hiltzen duen eta baserriko kortan, erraiak ere jango dizkiogun.
Ez dakit ze jite geratu zaien elikadura subiranotasunaren alde lan egiten duten pertsona eta erakundeei. Durangaldean ere badago mugimendurik (Marisatsa kontsumo ekologikoko elkartea dugu, adibidez) eta ziurrenik, izango dute zeresanik.
Nire aldetik, ekarpen txiki bat egingo dut, nik elikadura subiranotasunaz zer ulertzen dudan adieraziz: ahal den neurrian, etxetik gertu produzitzen diren produktuak kontsumitzea; ahal dela, produkzio ekologikokoak direnak; eta ahal den neurrian ere, sasoian sasoikoak.
Krisi garaian, homo neoliberalez espezieak hori ez luke mehatxu antropofogo moduan ikusi behar. Guztiz kontrakoa. Azken finean, protekzionismoaren helburu berdinak konpartitzen ditu, baina filosofia justuago batetik: kanpotik datorren produktua zergapetu, barruan produzitzen dena sustatzeko. Ordea, elikadura subiranotasunaren alde egiten dugunok ez dugu protekzionismoaren bidetik jotzen, aztarna ekologikoaren arduraren bidetik baino.
Orain, norbaitek erantzun beharko lioke Basagoitiri esanez, lasai egoteko, euskaldun antropofagoak Lakuara iritsiko balira, kanibalismoa jasangarritasunaren ikuspegitik praktikatuko luketela: formula ekologiko eta jasangarriren bat asmatuko lukete, bai euskaldunak hiltzeko eta baita platerean aurkezteko. Horretaz, gastronomiaz, maila ikaragarria daukagu; ironiaz esaten dut, noski.
Gora gorri-berde-txuria!!!!!!
Gora gorriak!!!! Eta gure Euskal Herri berdea!