Hori pentsauko eben hirukotean ezkontzeko erabagia hartu daben neskek. Brasilen gertatu da, albisteetan ez dabe izenik emon baina bai nesken lanbideak (beharrezkoa ete zan?) eta bikote tradizionalen kasuan bezala, familia sortzeko egin dabela adierazo dabe. Burura etorri jatan lehen gauza izan da hiruron artean umeak hobeto jagon ahalko dabezala, ez? Oso praktikoa.
Jakingura ikaragarria sortu deust gaiak. Nik, pertsonalki ez deutsat ezkontzeari zentzu handirik ikusten, lagun artean eta familian jaia egiteko ez bada edo “buelta al mundo”ko bidaia egiteko diruak jasotzeko ez bada. Baina, irakurri dodanaren arabera, bikotearen mugatik urtetan diran harreman ereduak tendentzia ei dira hainbat lekutan, eta “polimaitasunaz ” hitz egiten hasi dira, hor nonbait.
Ez, ez da gauza barria. Hainbat gauzagaz gertatzen dan moduan, betiko kontuari izen barria jartzeak ez dau esan gura joera bat barria danik. Mundua mundu danetik, betidanik egon dira monogamiaren diktaduratik kanpo bizi gura izan dabenak, baina egia da gizarteak ez dituela jokaera horreek begi onez ikusten. Ganera, zer esango dogu oraindik be bere arauak inposau gurean dabilen eleizaz?
Baina errealidadea tematia da eta gehiago dira agerian edo ezkutuka polimaitasuna praktiketan dabenak, zintzo-zintzo bikote bakarrari eusten deutsienak baino. Horreei galdetuta be, zenbatek esango leuke ahal izan ezkero maitasun librean biziko zala esango ebana? . Zenbatek emongo leuke urratsa gizartearen kritikarik edo familiak eta harremanak galtzeko arriskurik egongo ez balitz? Kuriosoa izango litzateke galdeketaren erantzunak jakin ahal izatea, ez?
Kontua da hiru neska honeek alkarri “betiko maitasuna” agindu deutsiela eta paper batean idatzi eta notarioaren aurrean izenpetu gura izan dabela. Eta, informazinoetatik atera dodanez, ez ei da izan Brasilen holango kasuren bat emoten dala. Aurreko batean mutil bat bi neskakaz ezkondu zan. Beitu!, hori ezagunago egiten jaku. Mormoiek jainkoaren agindua betetzeko eta emakumerik ezkondu gabe geratu ez eiten hainbat emakumegaz ezkontzea ondo egoala erabagi eben. Txinan be mantenidu ahal ziran emazte eta konkubina hartu ahal ziran, Islamiarrek oraindik amesten dabe mila emakume “garbi” eurei begira eukiteagaz, eta hemendik be hainbat izan dira eta dira etxean bat eta kalean hainbat izanda bizi izan diranak.
Paperak garrantzi handia dauka gure gizartean. Hori pentsau ei dabe Brasilgo hiru neska honeek, eta paperak emoten dituen onurak eta laguntzak ez dabez alperrik galtzen itxi gura izan. Aurreko batean irakurri neban neska bat bere buruagaz ezkondu zala eta eraztuna eta jantzia erosi zituela. Horrek be papera beharko ete dau bere konpromisoari eusteko? Eztakit nik ba…