Behring Breivikek egindako erasoak aho zabalik utzi gaitu. Norvegiako sarraskia izugarria izan da. Hildakoak neska-mutil gazteak, errugabeak izan dira. Izugarria eta era berean, beldurgarria. Anders Breivik erasotzaileak apailearen aurrean esandakoak beldurtu egin nau. Berak egin zuela aitortu du baina bere burua ez du erruduntzat jo. Prestaketa lanetan bi zelularen laguntza jaso duela ere gaineratu du. Ekintzaren atzean bere ideiak daude. Islamismoaren aurkako ideologiarekin obsesionatuta; historioaren kalte guztia hortik datorrela pentsatzen du. Kristautasuna eta islamaren arteko gerra, eta kultura aniztasuna Europarentzat den arriskua dira horietako batzuk.
Gertaera tamalgarri honen aurrean, eztabaida piztu da Breivikek egindako erasoen zergatiaren inguruan. Batzuen iritziz, buruko gaitz batek eraman du horretara; beste batzuek, ideia politikoek bultzatuta izan dela diote.
Baina nor dago hilketa honen atzean? Bera bakarrik aritu zen? Niri beldurra ematen dit Europa osoan zabaltzen ari den eskuin muturreko diskurtso xenofoboa . Eskuin muturreko agintariek prestauriko ekitaldietan jendeaurrean botatzen dituzten ideia horiek. Inmigrazioaren eta ezker jarraitzaileen kontrakoak. Horiek dira beldurtzen nauten ideiak.
Internetan aritu naiz eta datu kezkagarriak aurkitu ditut. Azken urteotan eskuin muturreko mugimenduen gorakada izugarria da. Estatu frantseseko Le Parisien egunkariak plazaraturiko inkesta baten arabera, gaur egun hauteskundeak ospatuz gero, Le Pen Front Nationaleko presidenteak gehiengoa lortuko luke. Austrian ere ultra eskuindarrak gora egin du.
Ultra-eskuindar politikariek adierazpen arrazistak erabiltzen dituzte, islamofobo eta ultranazionalista erradikalak inmigrazioarekiko postura garbia adierazten dute beraien hitzaldietan. Gainera, ijito,errumaniar eta bulgaroen kanporaketa sinatu zuten lehen alderdia bilakatu zen Frantzian.
90eko hamarkadan, Europa osoan hedatu zen Skin-Nazi mugimendua gurera ere iritsi zen. Hemen egon dira eta daude espainiar faxismoarekin loturiko erakundeak. Internet sarean dute presentzia nagusiki, baina kalean ere nabarmentzen hasi dira. Esaterako, futbol zelaietan. 1998ko abenduan, Madrildo Vicente Calderón futbol zelaian Aitor Zabaleta Errealeko jarraitzailea hil egin zuten.
Europan gogor indartzen ari den fenomeno bat da: ultra-eskuinaren gorakada geratu ezina. Agintariek diote izugarrikeriak direla Anders Breivikek esandakoak baina uste dut, ahaztu egin zaiela esatea hauteskunde programetan Breivikek helarazitako antzerako mezuak beraiek zabaltzen dituztela. Pentsatzen hasia naiz, eskuin muturreko ideologiak gizarte osoarentzat arriskutsuak izan daitezkeela.