Orain dela 85 urte, 1931ko urriaren 1an Espainiako Bigarren Errepublikako Konstituzioak sufragio unibertsala onartu zuen, hau da, adinez nagusiak diren gizon-emakume guztiei onartzen zaien botoa emateko eskubidea.
Gizonek sufragio unibertsala XIX. mendean eskuratu zuten. Herririk gehienetan ostera, emakumeek ez zuten botoa emateko eskubidea lortu, harik eta XX. mendean ondo sartu arte. Hori bai, feministen; lan, borroka eta izerdi ugariren ondoren.
Aitzindari askoren ahaleginari esker, zorionez, gurera etorrita, 85 urte geroago, boto eskubideaz haratago, aukeratu berri dugun Eusko Legebiltzarrean, lehen aldiz, emakumeak gizonak baino gehiago izango dira, kopuruan behintzat.
Ezkerreko zein eskuineko emakumeak izango ditugu Gasteizko Legebiltzarreko aulkietan, feministak zein feminista ez direnak (heuren berbak erabiliz), ezpain gorrien iraultzan parte hartu dutenak, zein ezpainak margotzen ez dituztenak. Edozelan be, legebiltzarkideoi “betaurreko moreak” jantzita erabiltzea eskertuko genieke.
Izan ere, hauteskunde hurrengo egunetan hedabideetan ikusi ditugun irudi eta parte hartzeak zera ekarri digute gogora “emakume gehiago baina gizonak nagusi”. Telebista zein irrati publikoetan gizon askoz gehiago izan dira hauteskundeei buruzko tertulia zein adituen foroetan. Gizonak nagusi egunkari askotako lehen orrialdetan. Noiz arte?
Halan zein holan, baikorra izan nahi dut. Ea ba, 40 emakumeok, ezpain gorri eta betaurreko moreekin, mendeetan zehar zapaltzen gaituen gizarte patriarkal honi astindu eder bat ematen dioten.
Bat nator zugaz Mertxe, “aurrera goaz” baina betaurreko moreak jantzita ibili behar dogu etengabe, lozorroan erori barik, bestela, aurrerantz joan beharrean, atzerantz joan gaitezke.
Oso hausnarketa aproposa gauden unerako. Apurka apurka goaz baina aurrera goaz!!