Paradoxak aipatu nituen behin zutabe honetan. Hona hemen atzo goizean, egunkaria irakurtzen nengoela, burura etorri zitzaidan beste bat: zer egiten dut nik Gasteizen (lantokian), Donostiako egunkari batean (Diario Vasco), Bilbon igandean jokatutako partidaren kronika irakurtzen (Athletic – Erreala)? Morbo zalea izatea deitzen zaio horri. Egia da, Athletic zaleek domeka gauean eta astelehen eguerdian Teleberria ikusteko telebista piztu genuela; egia da ere, domeka gauen irratia piztuta lokartu ginela; eta egia da ere, astelehenean egunkaria irakurri genuela; baliteke ere, gehientsuenek Facebook edo sms-a erabiltzea txuri-urdinak zirikatzeko. Baina, muturreko morbo zalea izatea da-gero, Diario Vasco egunkarian, Errealaren porrotaren kronika irakurtzea.
Bada, lanean, asteleheneko egunkarien errepasoa egiten, Diario Vascori ere begiratu arin bat eman nion. Araban lan egiten duen bizkaitarra izanda, Gipuzkoarren aktualitatea ere ezagutzeko tresna da. Euskal Autonomia Erkidegoa bat da, baina esan daiteke, zertzelada propioak dituela herrialde bakoitzak; Euskal Herriko beste herrialdeek ere zertzelada propioak ere badituzten moduan. Euskalduna bat da eta badugu euskaldun izateko identitate kolektiboa. Baina, identitate komun horretatik harago, baditugu zertzelada propioak herrialde bakoitzean. Ez dut nik bakarrik esaten, Diario Vascon igandeko kronika sinatzen duen kazetariak ere esan zuen: “Bilbotarra, izatez, fanfarroia da eta zarata zalea; eta gipuzkoarra, aldiz, apala eta zentzuduna”. Horixe kazetari donostiar apal batek domekako partidaren ondotik egindako hausnarketa zentzuduna!
Kazetari horren apaltasuna ikusita, Bilbotarrak (eta bizkaitarrak) arduratuta egon beharko genuke, zeren, Lopez lehendakariak, Gipuzkoako musika talde bati eman dio Euskadi marka sustatzeko ardura. La Oreja de Van Gogh-ek 150.000 euro kobratuko ditu lan hori egiteko. Eta ez da lan erraza izango. Lehendakariak azaldu beharko die, nola izan behar duen baskongadetako enbaxadoreak: apala eta zentzuduna; ala fanfarroia eta zarata zalea. Eta diñot nik, Arabarrek ere zerbait izango dutela esateko eztabaida honetan.
Atzerriko enbaxadoreak, normalean, ez dira gizarte baten eredu izaten. Boterean dagoen alderdiak aukeratzen ditu, boterean dagoen alderdiaren ispilu izan ohi direlako. La Oreja de Van Gogh-ek, musika bikaina egiteaz gain, irudi jakina transmititzen du: donostiar progreena, ñonotasun punttu batekin, euskaldunagoa baino, espainolagoa, eta ondo ordaindua.
Kritika erraza da nirea, baina beste alderdi bat gobernuan balego ere kritika bera egingo nukeela uste dut. Imajinatzen duzue? Amaiur Jaurlaritzan eta Perurena enbaxadore; EAJ Ajuria Enean eta Jabier Clemente baskongaden ordezkari; Alderdi Popularra Lakuan eta Ivan Fandiño toreroa enbaxadore; Kanabiaren Aldeko Partidua boterean eta Karlos Argiñano euskaldun eredugarri…