Gaur egun sarri aipatzen da elikadura burujabetza eta, aipatu ez eze, hainbat ekimen ere ikus ditzakegu gure inguru hurbilean. Horietako bat martxan dagoen Errigorako Eskutik eskura izenekoa dugu.
Eskutik eskura Nafarroako produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da. Gure kontsumo eredua aldatzeko gonbitea. Kontsumitzaile arduratsuak herriz herri elkartzeko saiakera eta, era berean, Nafarroa hegoaldeko ekoizleek bat egiteko ahalegina. Gutako bakoitzari on egin dagion eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun.
Ekoizleei on egiten die:
- Taldean bakarka baino indartsuago garelako. Bat eginda, lehiaren ordez, lankidetza sustatzen delako. Elkar ezagutza eta laguntzarako espazioak sortzen direlako.
Kontsumitzaileoi on egiten digu:
- Auzolanean oinarritutako bitartekaritzak bertoko kalitatezko produktuak eskuratzeko aukera ematen digulako, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta
Gure inguru hurbilari on egiten dio:
- Produktuen ibilbidea laburtzeak eta tokiko nekazaritza jasangarria sustatzeak ingurumena babesten laguntzen dutelako.
- Lurraldeen arteko harremanak indartzen direlako.
- Bertako ekoizpena hauspotuz, elikadura burujabetza bultzatzen dugulako.
- Euskara prozesu honetan txertatzen laguntzen duelako, ekoizleek haien web guneak euskaratzeko pausuak erakutsi duen bezala.
Ekimen honen barruan, maiatzaren 24ra arte Nafarroa hegoaldeko kontserba-loteak eskatzeko tartea dugu, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Klik batean www.errigora.eus helbidean egin dezakegu eskaera eta ekainaren lehen egunetan gure herrian jaso. Aurrera bada, egin klik.